Genero Indarkeriaren Kontrako Eguna dugu gaur eta Udalak elkarretaratzea deitu du. Ez da gai honekin lotuta aurten Elgetan egingo den sentsibilizazio eta kontzientziazio ekitaldi bakarra. Eguaztenean, Nagore dokumentala eman zuten Espaloian.
Hogei bat lagun elkartu ziren Nagore Lafague kasua jasotzen duen dokumentala ikusteko. Berdintasun teknikari Idoia Legarretak gidatu zuen ostean egindako eztabaidatxoa. "Horrelakoak gertatu egiten dira eta zer gertatzen den aztertu behar dugu, bestela berriz gertatutako dira", adierazi zuen.
Arazoari aurre egiteko gizarte osoaren konpromisoa ezinbestekoa dela adierazi zuen. "Zenbait jarrera naturalizatu egin ditugu eta ez gara konturatu ere egiten hor dagoen desorekaz. Arazoa estrukturala da, kulturala", ohartarazi zuen. "Hau eguneroko lana da".
Berdintasun plana
Bideberri mankomunitatearen bitartez Elgetako Udalak badihardu Berdintasun plana lantzen eta eguazteneko ekitaldian ziren bai gizarte-ongizate zinegotzi Marga Castro bai kultura zinegotzi Janire Lazkano.
Legarreta Daiteke kontsultorako teknikaria da, eta martxora bitartean bariku oro etorriko da Elgetako udaletxera. "Berdintasun plan baten helburua da genero harremanetan egon daitezkeen desoreketan eragitea", azaldu zuen. "Elgetako planak 2010etik 2013rako indarraldia du eta une honetan barne lana egiten ari gara; plana martxan jartzeko beharrezkoak diren oinarriak ezartzen".
Legarretaren zeregina da udal jarduna aztertzea eta genero ikuspegitik egon daitezkeen gabeziak detektatzea. "Gabezia bat litzake, esaterako, kultura arloan antolatzen diren ekintzetan estereotipoak erreproduzitzea, edo genero araberako lan banaketa egitea..."
Formazioa eta sentsibilizazioa
Legarretaren sutez Udalaren jardueran genero ikuspegia barneratzeko bidea formazioa eta sentsibilizazioa da, eta horretan ari dira. "Garrantzitsua da genero indarkeriaren aurkako eguna den honetan Udalak bere genero ikuspegia publiko egitea", esan zuen. "Garrantzitsua da ere hori salatzeko elkarretaratzean herritarrek parte-hartzea. Ekintza sinbolikoa da; gizartean horren aurkako konpromiso sozial bat badagoela erakusten ari gara".