Azaroko azken pintxo-domeka izango dugu aste bukaeran. Eguerdi partean, egingo dira ekitaldi nagusiak; eguerditik aurrera trikitilariak ibiliko dira tabernaz taberna, eta 12:30ean azaroaren 13an egindako argazki rally lehiaketaren sari banaketa egingo dute.
Hamar lagunek hartu zuten parte argazki lehiaketa horretan eta bi sari banatuko dituzte domekan; album onenari emandako saria eta argazki onenari emandakoa. Argazki irabazleak Elgeta.org eta Goiena.net atarietan egongo dira ikusgai. Sari banaketa udaletxe atarian egingo dute.
Bisita gidatua lubakietara
Eta Intxortako ibilbide tematikora bisita gidatua egiteko aukera berria egongo da domekan. Iraitz Lazkanok gidatuko du bisita eta interesatuek 10:00etan dute hitzordua Espaloiko Interpretazio Gunean. Gune horretan jasota daudenak ikusi ondoren bost bat kilometroko ibilbide tematikoa egingo dute bisitariek oinez. Hiru bat orduko bisita da.
Prezioa bost euro da; doan 6 urtetik beherakoendako eta bi euro 6-16 urte bitartekoendako. Ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Telefono zenbakiak dira 943 796 463 edo 943 718 911.