Domingo Iturbeko urbanizazio lanak martxan

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko azaroaren 18a

Bi hilabeteotan lanak hesitutako gunera mugatuko dira; ez dute eragozpen larririk sortuko.

Bi urteko negoziazio luzeen ostean hasi dira Domingo Iturbeko lanak. Eskolako jolastokia hesituta dago eta Goitu enpresako beharginak hasita daude terrenoa prestatzen. Lanok bi fasetan egingo dituztela jakinarazi dute udaletxetik eta adierazi dute lehenengo bi hilabeteotan hiru direla egiteko nagusiak; "23 autorendako aparkalekua, kantxa berria eta eskolako jolasguneko ziburuak berritzea", esan du Oxel Erostarbe alkateak.

Aparkalekua gaur egun futbol zelaia dagoen tokian egingo dute, kantxa eskola zaharra zegoen orubean, eta ziburu berriak gaur egun apurtuta daudenen tokian ipiniko dituzte. Eskolako ortua ere Domingo Iturbe patronatuaren eraikinaren atzeko aldera ekarriko dute.

Momentuz, ez dute Domingo Iturbe eraikina botako eta obrak ez du kalea hartuko. Lanak hesituta dagoen gunera mugatuko dira.

Lan potoloenak urte hasieran

Lanen zati korapilatsuena urtarriletik aurrera egingo dutela esan zuten udal ordezkariek martitzenean auzotarrendako egindako batzar informatzailean. "Urtarriletik aurrera sortuko dira eragozpen handienak auzotarrendako", esan zuen alkateak. "Domingo Iturbe eta Maala kaleetan hoditeri berria sartu behar dugu eta kale biak zulatu behar direnez itxi egin beharko dira. Bizilagunak eta garajeetako jabeak garaiz abisatuko ditugu".

Domingo Iturbe eraikina

Eraikina urtarriletik aurrera hasiko den fasean botatzea aurreikusten dute udal ordezkariek. Hala, bitarte horretan zutik jarraituko du.

Eraikina egoera txarrean dago baina ez dute guztiz botako; asmoa da beheko solairuan dagoen frontoi zaharra zutik mantentzea eta zenbait egokitzapen lan egin ostean bertan aterpedun jolasleku bat egitea. "Adostutako dirulaguntzak jasotzen baditugu gune irekia izango da; frontoiaren arkuak zabalik lagatzea da asmoa", esan du Erostarbek. Teilatua konpondu egin beharko da eta barruan dauden komun zaharrak kendu egingo dituztela jakinarazi dute. Baina hori guztia urte hasieratik aurrera izango da. Bitartean, lanak hesitutako gunera mugatuko dira. Eta denbora horretan eskolako umeek Maalako parkea erabili beharko dute jolastoki moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak