Bariku arratsaldean herri eskolako neska-mutikoek giro bikainarekin egin zuten gaztaina-erre jana. Eskolako irakasle eta ikasleak — 100 lagunetik gora — 15:00etan abiatu ziren eskolatik Herriko plazarantz. Behin udaletxe aurrean hainbat kantu eskaini zituzten. Gustura entzun zituzten gaztetxoen bertsoak bertan elkartutako gurasoek eta herritarrek.
Umeak egunkari paperarekin egindako kukurutxo banarekin etorri ziren plazara eta kantuak amaitu bezain pronto ipini ziren ilaren nagusien eskutik gaztaina beroak jasotzeko. Ordurako prest zuen gaztaina tanda bat Enrike Perez Txikiturrik. Aspaldiko partez berak prestatu ditu aurten gaztainak eta bat baino gehiagoren iritziz "oso goxoak zeuden". Plaza erdi-erdian zuen danbolina Txikiturrik eta Maala guraso elkarteko ordezkarien laguntzarekin bost bat tanda gaztaina erre behar izan zituen.
Eskola txikiko arropa
Barikuko ekitaldian Elgetako guraso elkarteko ordezkariak ikasturte honetan egingo den Eskola Txikiak festako arropa saltzen aritu ziren. Honakoa 25. edizioa izango da eta ekainaren 3an ospatuko dute Larraulen. Arropa beste zenbait egunetan ere Elgetan erosteko aukera egongo da.
Umeen pilota txapelketa
Udala, bestalde, Gabonetako pilota txapelketa antolatzen hasi da. Hala, herriko ume zein gaztetxo guztiak txapelketa horretan parte hartzera animatzen ditu. Neskak zein mutikoak guztiak daude izena ematera deituak. Urtero antolatu ohi den txapelketa da honakoa eta abenduan, Gabonetako oporraldian, jokatzen da.
Ez da beharrezkoa pilotan eskarmentu handia izatea, baina ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Interesatuek abenduaren 28a dute izena emateko azken eguna. Eskolan edo udaletxean eman behar dute izena.