Garraio zerbitzu duina eta ludoteka-gazteleku zerbitzua babesteko eskatzen dizkio Elgetako Udalak Diputazioari

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko azaroaren 15a

Aldundiko ordezkariak 2012ko aurrekontu zirriborroa jendaurrean aurkezten ari dira; Martin Garitano ahaldun nagusia eguaztenean, hilak 16, izango da Arrasaten.

Kontuak garbi, Gipuzkoa berri baterantz du izena kanpainak, eta 2012. urterako Aldundiak gertatu duen 740 miloi euro inguruko aurrekontu proiektua gipuzkoarrei aurkezte du xede. Martin Garitano eguaztenean batuko da debagoiendarrekin Arrasateko Kulturateko areto nagusian.

Saihesbidea atzeratuta

Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak aurreratu du Elgetako saihesbidea, momentuz, atzeratu egingo dutela. "Egoera ekonomikoa ikusita lehentasunak finkatu behar izan ditugu, eta iruditzen zaigu Elgetako saihesbidea, momentu honetan, ez dela lehentasun bat".

Udalaren premiak

Elgetako alkate Oxel Erostarberi lehentasunen inguruan galdetuta bi premia garrantzitsu nabarmendu ditu; garraio zerbitzu publikoa eta ludoteka-gazteleku zerbitzua. "Uste dugu gurea moduko herrietako bizilagunei garraio publiko zerbitzu egokia eman behar diela Foru Aldundiak, eta adostasun batera iritsi ginen aurreko Foru Aldundiarekin. Espero dugu gobernu aldaketak ez eragitea bi urteren ostean lortutako adostasunean".

Ludoteka-gazteleku zerbitzuarekin ere kezkatuta agertu da Erostarbe. "Nerabe eta haurrendako zerbitzuetan ere ezinbestekoa dugu Foru Aldundiaren laguntza. 2009an 18.000 euro, 2010ean 9.000 euro, eta aurten 3.000 euroko laguntza jaso dugu. Aldundiak 2009ko konpromisoei heldu behar die berriro, bestela ezinezkoa izango da zerbitzua dagoenetan mantentzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak