Berdura, ganba eta perretxikoz betetako kalabazina, txipiroi saltsa eta tomate mermeladaz. Ez dago pintxoa probatu beharrik, irakurtzea nahikoa da ona egon behar duela jakiteko. Horixe, atzo Elgetan egin zuten pintxo lehiaketako irabazlea, eta Maialde hotelera bertaratu zirenek, irakurri ez, dastatzeko aukera ere izan zuten.
Guztira sei tabernek hartu zuten parte atzoko txapelketan: Iñaki, Haizea, Bolatoki, Espaloia, Patxi eta Maialde hotela. Aurten laugarrengoz egin dute eta partehartzaile bakoitzak bi pintxo aurkeztu behar zituen. Beraz, epaimahaiak 12 pintxotatik hoberena aukeratu behar izan zuen. Javi Gamarra, Jose Luis Gartzia eta Dayami Baro izan ziren lan horretan jardun zutenak. Baloratu zuten pintxoaren elaborazia, aurkezpena eta zaporea. "Pintxo irabazlearen zapore ona azpimarratuko genuke" esan zuten, eta gaineratu: "Denetariko pintxoak egon dira, landuagoak eta sinpleagoak, baina parte hartzea da garrantzitsuena".
Perretxiko erakusketa
Pintxo guztiak ikusgai izan ziren Udaleko arkupetan. Bertan jarri zuten baita ere, perretxiko erakusketa. Astean zehar herritarrek udaletxera eramandako perretxikoekin egin zuten; izendatuta eta pozoitsuak eta ez pozoitsuak bezala sailkatuta jarri zituzten.
Herrian giroa sortzea
Giro bikaina sortu zen atzo Elgetan, batez ere, tabernetan. Izan ere, egiten zuen euri zaparradarekin hobe tabernen berotasunean eta goxotasunean, kalean baino. Trikitilariek ere alaitu zuten goiza; tabernaz taberna ibili ziren kalejiran.
Hain zuen, egitasmoaren helburua horixe da: herria alaitzea. Jendea erakarri nahi dute: "Baserrietatik jendea kalera jaistea eta beste herrietatik jendea etortzea nahi dugu" esan zigun Patxi Basaurik. Horrela, azarorako hainbat ekintza antolatu dituzte, besteak beste: argazki lehiaketa, umeendako jolasak edo pilota partiduak. Lehiaketan parte hartu zuten tabernetan, puntuazio altuena jasotako pintxoak dastatzeko aukera ere izango da domeketan euro baten truke; trikitilari edo bertsolariez girotuta.