Domeketan jokatzen diren pilota txapelketako partiduek jendea erakartzen dute Elgetara, eta hileko lehenengo eta azken domekan egingo diren bisita gidatuek ere bai. Sortzen den giro horri bazkalordura arte jarraipena emateko trikitilariak ibiliko dira tabernaz taberna. Igande oro izango da hori azaroaren 20a salbu; egun horretan trikitilarien ordez bertsolariak ibiliko dira tabernaz taberna.
Pintxoak euro baten
Udazkenero moduan, aurten ere pintxo lehiaketa, perretxiko erakusketa eta argazki expres lehiaketa antolatuko ditu Udalak. Pintxoak eta perretxikoak azaroko lehenengo domekan, hilaren 6an, izango dira protagonista. Eta aurten bada nobedaderik; ostalariei lehiaketara aurkeztutako pintxoak azaroko domeka guztietan eskaintzea eskatuko zaie. Hortaz, azaroko domeka oro pintxoa euro baten kontsumitzeko aukera izango dugu Elgetan.
Argazkiak eta jolasak
Argazki lehiaketa, aurten, azaroaren 13an egingo dute. Parte hartzaileek kamara digitala beharko dute eta antolatzaileek emandako gaia aintzat hartu beharko dute denbora epe mugatu batean argazki onena ateratzeko.
Kultura eta turismo batzordeetan herriko txikienekin ere akordatu dira. Azaroaren 20rako, umeendako jolasak iragarri dituzte. Eguerdian egingo dituzte eta eguraldiaren arabera erabakiko dute non egin.