Esne Beltza parranda gogoz dator Elgetara

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 2a

Xabi Solanok eta bere taldekideek dantzan jarriko dituzte egubakoitzean Espaloira hurbiltzen direnak. Ez da lehenengo aldia Esne Beltza taldea Espaloira datorrena. Azkenengo aldiz ere, jendea dantzan jarri zuten. "Oraingoan jendea dantzara ere joango da, seguru, Esne Beltzako jendea parranda gosez dator-eta Elgetara" diote Espaloiko webgunean. 22:30ean hasiko da kontzertua eta sarrerak 10 eurotan jarri dituzte salgai; 8 euroan, aldez aurretik erosiz gero (bazkideek, 7 euro).

Musika beltza abeslari zuriek interpretatuta. Horixe da Esne Beltzak egiten duena. Euskaraz, gainera. Nahiz eta abesti eta estrofa batzuk gaztelaniaz, ingelesez eta portugesez ere abesten dituzten. Solano bera bezala, Fermin Muguruzarekin batera aritutakoak dira Esne Beltza taldeko kide asko. Kontrabanda taldeko musikariak ere badaude.

Estilo askotakoa

Reggae, ska eta hip-hop, funky, soul, pop…, denetik jorratzen dute, estilo nahaste bat da, trikitiarekin lagunduta.

2008an atera zuten lehenengo diskoa, Made in Euskal Herria izenekoa. 2009an, hainbat taldekidek, Xabi Solano buru, CD+DVD bat grabatu zuten Esne Zopak-Esnesaltzailearena tituluarekin. Diskoa trikitiaren munduari eskainia zegoen eta estilo honetako abestiz osatua. DVDan hainbat trikitilariri egindako elkarrizketak agertzen ziren. 2010ean taldeak bigarren diskoa atera zuen, Noa izenekoa, eta orain arte arrakasta handiena lortu duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak