Elgetan ez dugu saskibaloi talderik eta kirol hori herriko neska-mutikoen artean ezagutzera emateko hilero saio bat egitea adostu dute udaleko kiroletako batzordeak eta Bergara kirol elkarteko saskibaloi sailak. "Aurreko agintalditik datorren egitasmoa da", azaldu du kiroletako batzordeburu Jose Mari Zubiaurrek. "Hainbat ideia izan ditugu mahai gainean, tartean txapelketa federatuko partiduak Elgetara ekartzea, baina azkenean beste bide batetik jo dugu".
Adostutakoa da hilean behin ordubeteko saskibaloi saio irekiak antolatzea non Elgetako neska-mutikoek kirol hori herrian bertan praktikatzeko aukera izango duten. Lehenengo saioan parte hartzeko deialdia eginda dago. Barikuan, urriak 28, egingo dute Bolatokiko kiroldegian 18:30etik 19:30era. "Hurrengo saioak noiz egingo diren zehaztu gabe daukagu, baina ideia da hileroko azken barikuan egitea".
Irakasleak ere elgetarrak
Hasiera honetan ekimena 8-11 urte bitarteko neska-mutikoendako dago zabalik, zehatz esanda 2000., 2001., 2002. eta 2003. urteetan jaiotakoendako. Ekimenak badu beste berezitasunik. Elgetako bi gaztek gidatuko dituzte saiook. "Bergaran saskibaloian egiten duten Jon Ugarteburuk eta Aitor Gorostizak emango dizkiete saskibaloiaren inguruko lehenengo nozioak neska-mutikoei", adierazi du Zubiaurrek. "Eurekin harremanetan jarrita ondo hartu dute proposamena eta garrantzitsua deritzogu biak elgetarrak izatea".
Eskola kirola
Saskibaloi saio irekiok une aproposean datoz, izan ere eskola kirola egitasmoan parte hartzen ari diren Elgetako neska-mutikoak buru-belarri dabiltzan kirol jarduera horretan. Atletismoarekin hasi zuten ikasturtea, baina zapatutik azaro erdialdera bitartean saskibaloian trebatuko dira.
Zapatuan, urriak 22, egin zuten lehenengo saskibaloi jardunaldia eta hurrengo laurak ere saskibaloiaren ingurukoak izango dira. Motibazioa, beraz, ez dute faltan izango. Zapatu goizean Bergarako Labegaraietan egindako eskola kirola saioan elgetarrak gogor saiatzen ikusi genituen. Benjaminak (3. eta 4. mailakoak) Mariaren Lagundia ikastetxeko taldea izan zuten aurrez aurre; eta 5./6. mailako alebinek, berriz, Antzuola B taldea.