Udal ordezkarien esanetan, laster hasiko dira lanak, aste gutxi barru. Azkar egin beharko dira, gainera; izan ere, abenduaren 31rako amaituta ez badaude, Udalak 232.000 euroko dirulaguntza gal dezake. Lanak esleitzeko osoko bilkura datorren astean –seguruenik eguaztenean– egingo dute, eta Hirigintza batzordean adostua dute lanak Bergarako Goitu enpresari ematea.
Aparkalekua eta jolasgunea
Goitu enpresak bi hilabeteko epea izango du urbanizazio lanen lehenengo fasea egiteko; hau da, autoendako aparkalekua, umeendako jolastokia eta ziburuen gunea egiteko. Lanok eskolak jolastokirako erabiltzen duen eremuan egingo direnez, eskolaumeek eskolatik gertu dagoen Maalako parkea erabili beharko dute jolas-orduan.
Gunea berrantolatzeko premia begi-bistakoa da. Apurtutako ziburuetan eta zuloz beteriko futbol zelaian jolasten dira Elgetako neska-mutikoak. Domingo Iturbe patronatuaren eraikinaren egoera ere txarra da eta eskola zaharraren eraikina hartzen zuen lurzoruak irtenbide bat behar du.
Hitzarmena ixtear
Lanen lehenengo fase horretan ez litzateke eskolaren ondoan eta jausteko zorian dagoen Domingo Iturbe patronatuaren eraikinean interbentziorik egingo. Luze jo dute negoziazioek Udalaren eta eraikinaren jabe den Gipuzkoako Gotzaindegiaren artean, baina Udaletik jakinarazi dute akordioa ixtear dutela. Hitzarmena sinatzeko azken prezioa ixtea eta ordainketa formula adostea falta zaie.
"Hiru aukera izan ditugu mahai gainean", azaldu du Oxel Erostarbe alkateak. "Egungo eraikina bota, berria altxatu eta 25 urteren buruan Gotzaindegiari itzultzea; ondoko lurzoruan Gotzaindegiarendako eraikin baliokide bat altxatzea; eta gaur egungo eraikina erostea 25 urtean ordaintzeko aukerarekin". Erostarberen esanetan, azken proposamen hori da aurrera aterako dena. Tasatzaileak tartean izan dira eta bi aldeek azken prezioa adostea falta da. Ordainketa formula ere zehazte bidean omen dute.
Hitzarmena itxitakoan asmoa litzateke Domingo Iturbe patronatua partzialki botatzea eta zutik mantenduko den frontoia berritzea. Horrez gain, eskolaren aurreko aldea lautzea eta frontoiaren gainean oinezkoen erabilerarako gune bat egitea. Lan horiek finantzatzeko dirulaguntza berriak tramitatzen dihardu Udalak. Erostarberen esanetan, baikorra izateko motiboak badaude.