Olatza baserrira ura eramateko lanak martxan dira

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko urriaren 17a

Auzoetan eta baserrietan ipintzekoak diren seinaleak ere asteon iritsiko dira

Olatzako jabeen aspaldiko eskaera da Intxortako Atearen azpian dagoen baserriraino ura eramatea. Lanak hasita daude. Oxel Erostarbe alkateak azaldu duenez Asentzioko ermita atzean dagoen instalaziotik hartuko dute ura – Asentzioko komunetarako hartu zen toki beretik – eta ura Olatzaraino eramateko Asentzioko bide bazterrean sartuko dute ur-instalazio berria.

Egunotan ari dira Asentzio inguruan lanok egiten, izan ere Mendi Nekazaritzako dirulaguntza lortu zuen Elgetako udalak egitasmoa burutzeko. Agustin Beretxinagaren Transportes Egoarbitza S.L ari da lanok egiten. Aurrekontua 13.157 eurokoa da. 

Auzoetako seinaleak
Mendi Nekazaritzatik lortutako dirulaguntzetik ipiniko dira, halaber, auzoetako seinaleak. Baserritarren batzordeburu Patxi Basaurik azaldu duenez asteon izan dira Diputazioko teknikariak Elgetan. "Bide asko Diputazioarenak dira, eta ezin dira seinaleak edonon ipini. Non jarriko ditugun erakutsi behar izan diegu, eta onarpena eman digute".

Batzordeburuak aurreikusten du seinaleak egunotan iristea. Lan horiek guztiak amaituta beharko dute urriaren 31rako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak