Oñatiarra da, eta momentuz berria Elgetako guraso askorendako. Eskolako aholkularia da, eta bere zereginen berri eman digu.
Ze funtzio betetzen duzu?
Aholkulariaren zeregina da heziketa premia bereziei erantzuna ematea, kanpoko erakundeekin harremanak mantentzea eta inguruan dauden errekurtso guztiak — laguntzaileak, fisioterapeutak, logopedak, terapeuta okupazionalak... — koordinatzea. Baita ere tutoreei orientabideak ematea. Heziketa bereziko mapako bost ikasle ditugu Elgetan. Nire lehentasuna dira, baina eskola batean badaude heziketa bereziko premiarik izan gabe zailtasunak dituztenak umeak. Horiek ere badira nire zeregina. Gainera, aurten, ikaskuntza kooperatiboa ere landuko dugu eskolan.
Nola egiten duzu lan?
Nire lana, gehienbat, Haur Hezkuntzan eta Lehen Zikloan zentratzen da ze irakurketa/idazketa prozesua menperatu artean zailtasun berezi batzuk detektatzen dira. Gela guztietan sartzen naiz eta behaketak egiten ditut. Ikusten badut ikasleren bat atzeratuta gelditzen ari dela erantzun bat ematen saiatzen gara. Arazoaren arabera metodologia aldaketa izan daiteke edo errefortzu saioak... Normalean tutorea da zailtasunak detektatzen lehena.
Zer esango zenieke gurasoei?
Zalantza edo kezka baten aurrean beste edozein tokira joan aurretik eskolan kontsulta egiteko. Esfinterren kontrolarekin kezkatuta badaude, umea etxean ezohiko portaerekin hasten bada... Beti ere tutorearen bitartez, izan ere, tutorearen eta gurasoaren arteko komunikazioak erabatekoa izan behar du. Hortaz, edozein zalantza argitzeko gaude hemen eta eskolatik bertatik erantzun bat ematea posible ez bada beti dugu gaia deribatzeko aukera.
Zure etorrerak bestelako nobedadeak ere ekarri omen ditu. Zer da euskararen trena?
Elgetan ere jolastoki orduan gazteleraz egiteko joera handia dagoela antzeman dugu. Hala, eskolako umeek kontratu bat sinatu dute non euskaraz hitzegiteko konpromisoa hartu duten. Lorpenen arabera kolore ezberdinetako gometxak jasotzen dituzte. Ostiralean gometxa gehienak berdeak badira ordu laurden luzatzen diegu jolastoki ordua. Saritxo hori lortzen dute. Hasi berriak gara, baina haurrak oso inplikatuta omen daude. Ikusiko dugu zer ematen duen.