Elgetako 21 familiak jaso dute Udalak azarorako prestatu duen ikastaroan parte hartzeko gonbidapena. Denek dute etxean zaindu beharreko ezinduren bat, eta horrek lan handia suposatzen du. Diputazioaren Sendian programaren bitartez bina orduko bost saio proposatzen ditu udal gizarte ongizate sailak. "Gure asmoa zuen eguneroko errealitatera gerturatzea da, eta ahal den neurrian laguntza eskaintzea", adierazi dute.
Ikastaroaren edukiak
Ezinduaren zein zaintzailearen zaintza landuko dituzte hamar orduko mintegian. Doluaren prozesua, emozio egoerei aurre hartzea, kontrol mentala eta erlaxazioa ere aztergai izango dituzte. Zaintzaileen kasuan autoestimua bereziki zaindu beharreko alorra dela uste dute adituek. Hala, autoestimua sendotzeko teknikak ere eskainiko dituzte.
Saioak Elgetako eguneko zentroan izango dira azaroaren 3an, 8an, 10ean, 15ean eta 17an; 17:30etik 19:30era. Izenematea zabalik dago urriaren 21era arte. Interesatuek udal gizarte zerbitzuetara jo behar dute edo 943 76 80 22 telefono zenbakira deitu behar dute.