Patxi Montero: "Dantzarako gogoa badago; goraka doan marea bat da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko urriaren 10a

Herrixa dantzan ekimenak hirugarren denboraldia izango du Elgetan; Bergarara eta Arrasatera ere zabalduko da

Herrixa dantzan ekimena gero eta indar gehiago hartzen ari da. Elgetako Espaloia kafe antzokian jaio zen. Orain, Bergaran eta Arrasaten ere egingo dute.

Herrixa dantzan gero eta herri gehiagotan!
Elgetan hasi genuen dantzaldi ireki hau esperimentu bat izan zen. Orain, beste herri batzuetara ere zabaldu nahi dute, beraz ondo dago. Elgetan eta Bergaran hasita gaude; Elgetan hileko azken domekan egiten dugu, eta Bergaran bigarrenean. Arrasaten, berriz, Portaloi elkartearen laguntzarekin hilaren 28an egingo dugu lehenengo saioa. Garaia Berrikuntza Guneko jatetxean elkartuko gara 20:00etatik 21:30era dantzan egitero eta asmoa da saioa hilero, azken egubakoitzetan egitea.

Pentsatzen zenuen duela hiru urte dantzaren bueltan hainbeste jende bilduko zenuenik?
Nik neuk bai ikusten nuen irakasle nenbilelako inguruko herrietan. Banekien ikasle kopuru bat bazegoela, dantzarako grina bazegoela eta ezagutzen dut Euskal Herri osoan zehar ze mugimendu dagoen. Hori goraka doan marea bat da. Beraz, ikusten nuen erantzun bat izan zezakeela. Bailara honetan, gainera, ez dago antzerako besterik.
   Beste alde batetik gogoratzen dut Espaloiko arduradunek nola esaten zuten 15-20 lagun biltzea lortzen bagenu marka ona izango zela. Lehenengo egunean 50etik gora bildu ginen, eta bigarrenean 100 pertsona egon ginen. Gero hor ibili gara, batzuetan 50 besteetan 100.

Zergatik dantzarako grina hau bat batean?
Uste dut dantzarako gogoa badagoela. Ez da hemen bakarrik gertatzen; Euskal Herri osoan ematen ari den fenomeno bat da, eta Euskal Herritik kanpo ere bai. Goraka doan fenomeno bat da. Dantza modu natural eta espontaneo batean, dantza tradizionaletik abiatuta eta eskema finkoak eta itxiak izan gabe. Dibertimendurako saioak dira, ondo pasatzeko. Dantza errazak eta politak dira eta musika atseginarekin… erakargarria da. Gainera, kulturalki nahiko barneratuta dauzkagu mugimenduak eta pausoak dira. Hortaz, emozionaletik ere hurbiletik daukagu. Erraza da bertan sartzea.

Zein berezitasun izango dute aurten Elgetako saioek?
Urtetik urtera zerbait berria eskaintzen saiatu gara eta aurten gainera nola dantzaldi hau Bergaran eta Arrasaten ere egingo den zerbait berria proposatu behar genuen. Jende hori ere Elgetara erakartzeko alegia eta zerbait berezia beste herrietan egongo ez dena. Bikote dantzak sartu ditugu ahal denean soinujolearekin egingo ditugunak. Beste formatu batean eta publiko ezberdin batendako pentsatua; Espaloira besteek dantzan nola egiten duten ikustera etortzen dira adineko horiei tarte bat eskaini nahi diegu. Ez osoa, baina tarte bat. Hala, helduta dantzan egiten diren piezak eskainiko ditu soinujoleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak