"Eskolak 95 ikasle ditu gaur egun eta zortzi unitateko eskola gara. Gure premiak eta eskola txikien batzarrean esku artean dituztenak desberdinak dira", adierazi zuten atzoko, eguena, batzarrean Elgetako guraso elkarteko zuzendaritza batzordetik. "Dugun ume kopuruagatik eta eskolaren funtzionamendua oinarri hartuta gaur egun harreman estuagoa dugu Baikara federazioarekin — Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioa — Eskola Txikiak elkartearekin baino", azaldu zuten guraso ordezkariek.
Beste faktore batek ere izan du bere pisua erabakia hartzerako orduan; "Laster, 2015ean, Eskola Txikiak elkarteko zuzendaritzan sartzea tokatuko zaigu", esan zuten. "Lana suposatzen du horrek; batzarretan parte hartzea, karguren bat hartzea eta denbora dedikatzea. Erabaki behar dugu konpentsatzen digun". Hala, Eskola Txikiak elkartetik ateratzeko proposamena onartu dute gurasoek.
Irakasleak ados
Emma Igartua eskola zuzendariak argi esan du; "Zortzi unitateko ikastetxea izanik teknikoki ez gara eskola txikia. Bigarren eta hirugarren zikloa elkartuta dauzkagu, baina gaur da eguna beste edozein eskolatan moduan Haur hezkuntza guztia eta Lehenengo zikloa banatuta ditugula. Hibrido bat garela esan daiteke". Irakasleek Eskola Txikiak elkarteak Durango egiten zuen mintegi batean hartzen zuten parte urtero. Aurten, mintegi hori kendu egin dute eta alternatiba Lasartera edo Zarautzera joatea da.
"Guk garbi daukagu lehentasuna gure linean dauden ikastetxeekin harremanak sendotzea dela", esan du Igartuak. "Garrantzitsua deritzot Antzuola, San Martin eta Ipintzarekin hartu-emanak estutzea eta esan beharra daukat kontaktua gero eta estuagoa dela".