Joxe Arantzabelek helarazi digu. Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak (Iturriotz, Joxemari. Alberdania. Irun, 2011) da liburua. Horretan, 66. orrialdetik 70. orrialdera gerra kontuak kontatzen dira, Manuel Iturriotzek bizi izan zituenak. Egun haietan Dragoi batailoian ibili zen, eta orri horietan kontatzen du zelan ibili zen Udala, Arrasate, Aramaio, Elorrio, Intxorta eta Elgeta aldean.
Gerra garaian gudariek erabili zituzten Burdin Aroko defentsak euren trintxerak egiteko. Bada, Manuel Iturrioz hantxe ibili zen, orri horietan horixe aipatzen du-eta.
Hementxe liburuko pasarte bat, non kontatzen duen zela ibili zen Francori aurre egiten geure inguruetan:
"Handik Abadiñora joan ginen eta Dragoien Batailoia osatu genuen: lehen konpainia, Arrasatekoekin; bigarrena, Pasaia-Errenteriakoekin; hirugarrena, Hernanikoekin; eta laugarrena elkartu zitzaizkigun gainerako herrietakoekin. Metrailadoreak eta fusil berriak eman zizkiguten, eta ni teniente izendatu nindutenez, jendea instrukzioan trebatzen aritu nintzen urriaren laua arte. Lehenengo irteera Kanpanzarrera egin genuen eta San Migeleko baselizan eraso asko egin zizkiguten, baina atzera bota genituen beti. Bi lagun galdu genituen eta zauritu batzuk izan genituen; hurrengo egunean Abadiñora itzuli ginen.
Egun batzuetako atsedena hartu ondoren, Eibarrera eraman gintuzten. Arratera igo ginen eta zortzi egunetan ingurua gotorleku bilakatu genuen. Bi eraso izan genituen hegazkinik eta kanoirik gabe eta bietan bota genituen atzera. Han aurrera egitean batzuek etsaiaren lerroa zeharkatu zuten zoritxarrez eta gero atzetik min handia egin zieten. Hernaniko bederatzi hil ziren: Tomasin, Mauleon, Loren, Borja, “Txorizo”, Cresencio, Heredia, “Comunista” eta Pako Erdozia. Hemezortzi eguneko atsedena eman ziguten eta ondoren Karraskain mendira bidali gintuzten, Santa Ageda gainera.
Inork ez zekien non zeuden frenteak eta goiz batean hamar bat atera ginen ingurua miatzera. Udalarantz jaitsi ginen pinudietatik eta soldadu talde bat ikusi genuen kartetan ari zirela. Ez genien jaramonik egin eta makurtuta atera ginen. Konpainiara itzuli ginenean Estatu Nagusiari azaldu genion dena eta Udala erasotzeko erabakia hartu zuten. Konpainia osoa joan ginen eta eguna argitu aurretik haien aurrean geunden. Guardian zegoenak zein ginen galdetu zigun. Erantzuna: “Gorriak”, eta tiroka hasi ginen. Korrika atera ziren Udalaraino eta guk goizeko zazpietarako bete genuen egin beharrekoa, alegia, trintxerak okupatu. Eguerdirako antolatu zuten kontraerasoa, baina, bi orduko erasoaren ondoren, atzera bota genituen. Izugarrizko sarraskia. Gure aldean “Motza”, “Caminero” eta Otamendi hil ziren; Eltzekondori eskua moztu behar izan zioten eta zauritu arin mordoxka izan ziren. Okerrena izan zen zaurituak idi gurdiarekin ateratzeko bi orduko bidea genuela Abadiñoraino. Hirugarren eta laugarren konpainia aritu ginen txandaka eta egunero erasotzen ziguten. Metrailadoreak baselizan zituzten eta trintxerak goraxeago jarri genituenean alde egin behar izan zuten handik. Azaroaren 30ean erasotzeko agindu ziguten, Udala hartu eta Arrasateraino iritsi ginen. Bertan etsaia gotortu egin zen, baina trintxera onak utzi genituen. Handik hamabost egunera, Gipuzkoako Azaña batailoiak egin zigun txanda.
Orduan Abadiñora jaitsi ginen, zortzi egunez atsedena hartu eta Aramaiora abiatu ginen. Han kokatu zuten Dragoien batailoiaren kuartela, Gasteiztik Bilborako bideak itxi behar baitziren. Gure batailoiak Inuzketa, Naparrena, Murumendi eta Untzilla inguruak okupatu behar zituen. Ni Murumendin nengoen. Janaria guk prestatu behar genuen eta ez genuen sobera jaten, baina hori gutxienekoa zen. Hamaika egun egiten genituen aurreko lerroetan, bi eguneko atsedena eta bederatzi atzeko lerroetan. Horrela pasa genuen negu osoa. Hiru hilabete haietan primeran gotortu genuen ingurua eta Estatu Nagusiak berak zorionak eman zizkigun.
Baina martxoaren 31n hasi zen Molak berrogeita hamar mila gizonekin antolatu zuen iparraldeko erasoaldi handia. Goizeko zazpiak aldera Burgos aldetik berrogei hegazkin agertu ziren eta Gasteiz aldetik beste hainbeste. Gure posizioak bonbardatzen hasi ziren eta aldi berean Durangoko herria. Hamar bat tona bonba bota omen zituzten Durangon eta hirurehun bat hildako izan ziren. Hala ere, kostatuko zitzaien gu handik botatzea, oso ondo babestuta baikeunden. Etsaiak, gainera, ez zuen hura espero. Bidean oztoporik ez aurkitzean, ardiak bezala zetozen eta iritsi zirenean eta bazter guztietatik tiroka hasi ginenean non sartu ez zekitela geratu ziren. Bi egunetan hil-zauritu pila bat egin genizkien. Murumendi eta Untzillan ondo eutsi genien erasoei lehenengo lau egunetan, baina Untzilla gaineko Kruzeta frentea urratu zutenean ezinezkoa izan zen eustea eta etsita Sata Agedara jaitsi gehar izan genuen. Handik Karraskainera pasa ginen eta bertan bi egunez egin genien aurre. Gero Barazar gainaldera abiatu ginen, baina ikusi genuenean gu baino askoz handiagoa zen etsai multzo bat zetorrela, tanke eta guzti, Otxandioko bidegurutzeraino urrundu ginen. Apirilaren 5eko arratsalde hartan bandera errepublikarrak zeramatzaten bederatzi tankerekin eraso ziguten angainatzeko asmotan, eta lortu ez bazuten ere, Regino Gorospe preso eraman zuten. Hurrengo egunean, metrailadoreen tiro etengabeek Bernardo Erdozia eta bere lehengusua, Joxemari, hil zituzten. Goizeko hamaiketan, atzera egiteko agindu zuten, erretreta, baina Prieto batailoiak, gure bitartekoa zenak, ez zigun partea pasa eta gure erretreta, ordu biak aldera, hondamendi hutsa izan zen; ia batailoi osoa harrapatu zuten. Carrera hegazkin baten tiroak bularrean jota erori zen eta Julian Erdozia jasotzera itzuli ez balitz bertan geratuko zen.
Gero egun batzuetako atsedena eman ziguten. Errusia batailoiaren kuartelean pasa genuen, Bilboko Atxuriko eskoletan, eta handik Elorriora joan ginen. Egun haietan ni kapitain izendatu ninduten eta Julian Erdozia teniente. Elorriotik Elgetako frentera atera ginen, Intxorta mendira, Martiartu, Larrañaga, Saseta eta beste batailoi batzuk indartzera, etsaiak eraso izugarria prestatu baitzuen Bergaratik etengabe tiro egiten zuten 80 hegazkin eta 156 kanoirekin. Goiko aldean Santa Kruzen garaiko gotorlekuak zeuden eta berak idatzitakoak harkaitzetan. Ondo samar gorortua zegoen, baina Deskarga gainaldean kanoi bat jarri zuten, beti haitzari jotzen ziona, eta tonaka ateratzen ziren harriek hegazkinek baino hil-zauritu gehiago eragiten zizkiguten. Aste hura kalbario bat izan zen egunero erasotzen ziguten hegazkin, artilleria eta infanteriarekin, baina eraso guztiak bota genituen atzera eta hil-zauritu mordoxka egin genizkien. Ikusi zutenean gure frentea ezin zutela urratu, Karraskainetik eraso ziguten eta gutako franko hil zituzten, tartean Arregi izeneko mikelete bat, eta hildakoak eramateko gaizki samar ibili ginen batzuek bi egun edo gehiago zeramatzatelako hilik. Azkenean iritsi zen gaua eta arnasa hartzeko unea, baina gero Karraskainetik Abadiño aldera sartu ziren eta tristura handiarekin utzi egin behar izan genuen Intxorta, Elgeta gainean dagoen mendia, Gipuzkoako azken herria.
Gerra guztiak dira krudelak, eta hori ongi erakutsi zuten Elgetan, urte askoren buruan jakin baitzen zenbaterainoko ankerkeria erakutsi zuten jendea bortxatuz eta fusilatuz. Baina Sosota baserriko alabak eraman zuen parterik txarrena, bortxatu ondoren bere aurrean akabatu baitzituzten bere gurasoak. Gehiago ezin zioten egin".

Manuel Iturriotz gaztetan, Mikelete, ezkerrean.