Umeei zuzendutako jarduerek izan dute arrakasta handiena; karatean 15 umek eman du izena eta eskola kiroleko bi taldeetan 20 neska-mutikok. Astelehenean hasiko dira kirol eskaintzako hiru jarduera. Karate (17:30ean, gimnasioan), yoga (19:00etan, herri eskolan) eta tai-txi (20:15ean, herri eskolan), hain zuzen ere. Azken bietarako zortzina lagunek eman dute izena.
Martitzenean sei talde
Martitzenetan eta eguenetan kontzentratuko dira kirol jarduera gehienak Elgetako gimnasioan. Erretiratuendako gimnasia (15:30ean), eskola kirola (16:30ean eta 17:30ean), mantentze-gap saioak (18:30ean) eta spinning (19:30ean eta 20:15ean) martitzenean hasiko dira.
Helduendako jarduerei dagokienean azken urteotan gertatu den moduan spinning izan da interes gehien sortu duen proposamena; 19 lagunek eman dute izena. Mantentze-Gap ekintzan, berriz, 10 lagun ariko dira. Erretiratuendako gimnasia saioa da hanka motz geratzeko arriskuan dagoena. Uztailean inkesta egin zuen Udalak zegoen interesa neurtzeko eta taldearekin aurrera egitea erabaki zuen. Momentuz, baina, bost lagunek eman dute izena.