Leo Bassik zabalduko du Espaloia kafe antzokiaren denboraldi berria

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko irailaren 27a

Ruper Ordorika, Zea Mays, Esne beltza eta Errautsak antzezlanaren azken emanaldia nabarmentzen dira abendura bitarteko programazioan.

Lau antzezlan eta lau musika emanaldi aurreikusten dituzte Espaloia kafe antzokian hiruhileko honetarako.
Leo Bassiren Utopia lanak estreinatuko du ikasturtea irailaren 30ean, barikua. Pailazoz jantzita bizi dugun krisi ekonomikoaren gaineko bere irakurketa eskainiko digu Bassik. Matxinadara deituko gaitu, etorkizuna amesteko eskubidea aldarrikatuko du, eta Estatuen lidertza falta salatuko du. Sarrerak salgai daude dagoeneko; prezioa 13 euro da, 10 euro bazkideendako.

Oso gomendagarria, baita ere, Ander Lipus tarteko duen Errautsak antzezlana. Harrera oso ona izan duen ikuskizuna da, eta  Espaloikoa azken emanaldia izango dute azaroaren 26an.
Kartelerako beste proposamenen artean aurkitzen dira Juanlu Escuderoren Trainspotting ikuskizuna urriaren 14rako, eta Txalo konpainiaren Baginaren bakarrizketak abenduaren 16rako.

Musika talde entzutetsuak
Lau musika emanaldi izango dira Espaloian hurrengo hilabeteotan. Urriaren 9an, Salbador hirukoteak Lilurarik ez, Mikel Laboarekin solasean izeneko muntaia eskainiko du. Iñaki Salbadorren firma duen ikuskizuna da eta Mikel Laboari eskainitako omenaldia da.
Urriaren 21ean Zea Mays eta Split 77 taldeak izango dira Espaloian. Pop-rock gaua izango da. Oso bestelako proposamena da Esne Beltza taldeko mutilek azaroaren 4an ekarriko dutena.
Azkenik, abenduaren 11an disko berria aurkeztuko du Ruper Ordorika oñatiarrak Espaloian.  Labetik atera berritako kantuak eskainiko ditu Ordorikak Elgetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak