Erditu ostean emaitzak bikoiztu

Arritxu Barruso 2011ko irailaren 24a

Urtebete eta hiru hilabeteko etenaldiaren ostean indartsu itzuli da Oihana Kortazar lasterketetara. Ia dena irabazi du: Espainiako kopa, Espainiako txapelketa, Europako txapelketa eta munduko kopa –munduko txapelketarik ez, aurten ez delako egin–. Beste era batera esanda, 18 lasterketatatik 16 irabazi ditu. Egin daiteke denboraldi hoberik?

Merezitako saria
Mendi-lasterkari elgetarra Arrasaten izan zen atzo, eguena, Mendi lasterketen Euskal Selekzioak aurten lortutako emaitzen berri emateko Ternuak antolatutako aurkezpen ekitaldian. Bertan kontatu zigun oso pozik dagoela lortutako emaitzekin, baina berak ere ez zituela espero horrenbeste domina: "Asko entrenatu naiz eta nire asmoa zen ahalik eta ondoen egitea, baina ez nuen espero horrelakorik. Urte gogorra izan da eta pozik nago benetan, egindako esfortzuak emaitzak eman dituelako".

Denboraldi ona, baina gogorra
Ama izan ostean, 2011ko urtarrilean itzuli zen Oihana Kortazar entrenamenduetara eta martxoan hasi zituen lasterketak. Amatasuna, etxea eta entrenamenduak uztartzea gogorra izan dela esan zigun: "Umearekin egon ahal izateko ez-orduetan entrenatu behar izaten nuen askotan; batzuetan goizeko bostetan, gero lanera joan ahal izateko, eta beste batzuetan eguerdian, bero handiarekin. Lasterketak hasi zirenean, eta batez ere kanpora joan beharra izaten nuenean, faltan sumatzen nuen umea. Horregatik nago horren pozik, esfortzuak merezi izan duelako".

Haurdunaldian ere sasoian
Denboraldian zehar lortutako domina guztiez harro sentitzeaz gain, Kortazar harro sentitzen da frogatu duelako ama izan ostean nork bere alorrean onena izaten jarrai dezakeela: "Badirudi ama izan ostean emakumearen bizitza aldatu egiten dela, eta, askotan, gizonezkoa beharrean, emakumea izaten da bere zaletasunei uko egin behar izaten diena. Nire kasuan, laguntza handia izan dut, baina neuk ere esfortzu handia egin behar izan dut ama izan ostean lasterketetara itzultzeko. Emakume asko abandonatu egiten dira haurdun geratzen direnean eta hori errekuperatzea gero oso zaila da. Ni neu osasuntsu mantentzen ahalegindu naiz".

Oraindik ez da amaitu
Lasterketa garrantzitsuenak irabazi dituen arren, denboraldia ez da amaitu. Azaroaren 5ean kilometro bertikalen Europako txapelketan izango da: "Proba nahiko gogorrak dira. Askoz motzagoak dira, baina desnibel handiarekin".
Ea denboraldia borobiltzeko kilometro bertikaletan ere amatasunak indarra ematen dion.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak