Museo txiki bat dirudi egunotan Fermin Iribarren garajeak. Zortzi motor erakutsi dizkigu; bost Lambretta, bi Vespa eta berriki erosi duen Harley Davidson bat. Ondo zainduta daude, zein baino zein distiratsuago. "Ez dira denak nireak", zioen irribarretsu. "Bi Lambretta Albitxunak dira, Jose Antonio Arrazolarenak; eta bi Vespak Troquesako Jose Aranbururenak".
Prest dauzka domekan egingo den Elgetako VI. Vespa eta Lambretta topaketarako. "Ezin dut esan zenbat motor etorriko diren, baina bazkaltzeko 75 lagunek eman dute izena", adierazi du. Sei urte dira lagun talde batekin topaketa antolatzen duela. "Afizioa badago. Gero eta gehiago nire ustez. Jende kopuru polita etortzen da motorrekin eta ikustera ere asko hurbiltzen dira plazara".Domekan, 10:00etatik 12:00etara egongo dira motorrak plazan ikusgai. Eguerdian, urteroko irteera egingo dute motorrekin eta bazkaria, aurten, Intxorta elkartean egingo dute. "Gardoki izango dugu bazkalostean. Egun pasa polita egiteko aukera izango dugu", esan du.