Eskolarekin batera Elgetako neska-mutikoek laster hasiko dituzte eskolaz kanpoko jarduerak.
Karate, pilota eta eskola kirola
Kirol jardueraren bat egitea bada asmoa Elgetan bertan hiru proposamen daude aukeran; karatea, pilota eta eskola kirola. Lehenengo bietan sei urtetik gorako umeak onartzen dituzte. Karatea astelehenetan eta eguaztenetan egingo dute, 17:30ean hasita. Pilota eskolako saioak, berriz, martitzenetan, 18:00etan hasita.
Eskola kirola egin gura duten neska-mutikoak bi taldetan banatuko dituzte; 8-9 urte eta 10-11 urte. Saio horiek martitzenetan eta eguenetan egingo dituzte; 16:30ean eta 17:30ean. Kasu denetan izenemateak zabalik daude.
Musika eskolak
Lorea Larrañagak eta Adolfo Jainagak musika eskolak ematen jarraituko dute Elgetan. Asteon abiaraziko dute ikasturtea; Larrañagak atzo, astelehena, eta Jainagak eguenean, hilak 15. Bost urtetik gorako umeak hartzen ditu Lorea Larrañagak. Haur hezkuntza musikala (5 urte), hizkuntza musikala (6 urtetik gora), eta piano zein gitarra eskolak emango ditu Kultura etxeko musika gelan. Haurrekin egiten du lan, baina adierazi duenez helduekin ere bai.
Adolfo Jainagak trikiti eta pandero eskolak emango ditu aurten ere. Eguen arratsaldetan, 16:30erako, etorriko da Elgetara. Honek ere haurrekin zein helduekin egiten du lan eta adierazi digunez komenigarria izaten da umeek, gutxienez, zortzi urte edukitzea.