Goiz ibili dira gaur Elgetako eskolaumeak. 09:00etan jotzen du txirrinak Elgetan, baina gaur gehienak eskola atarian ziren hamar minutuko aurrerapenarekin. Urduri ikusi ditugu; zein izango da gure gela berria?, nor izango da irakaslea?... galdera asko zituzten buruan eta jakinekoa zuten lan aste motza izango dela honakoa.
Txikienak, astelehenean
Zazpi gela zabaldu dira gaur Elgetako Herri eskolan. Zortzigarrena, bi urteko gela, astelehenean zabalduko da orduan hasiko dute-eta egokitzapenaldia aurten eskolan hasten diren bi urteko zortzi umeak. Gauzak horrela, 95 ume hartuko ditu aurten Elgetako eskolak; iaz baino zortzi gehiago.