Eskuz margotutako lanak... pultsu ederra edukiko duzu!
Bai, kamisetak, poltsak, gerrikoak, osagarriak… Iron fix teknika ere erabiltzen dut eta marrazkiren bat kalkatu izan dut; baina gehienak pintzelarekin margotutakoak dira eta marrazki originalak dira. Artisautzan inoiz ezin dituzu kobratu sartzen dituzun orduak; baina, era berean, egindako lanak ukitu pertsonala dauka eta berezia da. Nire nortasuna azaleratzen eta adierazten dut marrazki bitxi eta ezberdin horietan. Oraindik ez dut azoketan antzeko marrazkirik ikusi.
Inspirazioa nondik dator?
Horrenbeste gauza ikusten ditugu… denak buruan gordeta dauzkat eta pixkanaka irteten dira. Azken finean, dena asmatuta dago, baina gakoa koloreak konbinatzean dago. Gerrikoetan eta poltsatxoetan ondo konbinatuz gero, txukun geratzen da.
Zer aurkituko du zure postura joaten denak?
Opari bat egiteko aukera polita topatuko du. Denak dira pieza bakarrak eta originalak. Vintage eta gaurko ukitua dute. Antzinako modeloa duen karteratxoa kolore biziz margotzen dut, adibidez. Nahasketa horrek erakargarria egiten du. Aurrerago, gainera, bestelako material batzuekin eta kolore ilunagoak erabilita, negurako bilduma atera nahiko nuke.
Eskatu dizuten gauza bitxiena?
12 urteko mutil batek garezurra marraztuta zeukan karteratxoa erosi zidan opari bat egiteko. Mutilak ere etortzen dira neskei opariak egiteko asmotan, gustatzen zaie...
Zaletasuna ogibide bilakatu da.
Eskulanzalea beti izan naiz. Urratsa iazko Gabonetan egin nuen, lanpostu baten bila nenbilela. Orduan, aukera izan nuen Eibart Azokan (Eibarko Gabonetako Eskulangintza Azoka) parte hartzeko. Lehen aldiz izan zen, eta, harrera polita izan nuela ikusita, aurrera egitea erabaki nuen. Eskulanak betidanik egin ditut. Eibarko zeramika eskolako lehen ikaslea izandakoa naiz. Serigrafia ikastaroa eta amamak erakutsitako gantxillo eta puntu ikastaroak guztiz baliagarriak izan dira niretzako. Gainontzekoa, koloreak nahasteko gustuan eta eskua izatean datza!
Krisirik igarri duzu azokan?
Azoketan hasiberria naiz, baina, egia esan, nire azkenengo azokatik oso pozik atera nintzen. Oso aldakorra da. Jendea, zerbait ezberdina ikustean, erakarrita etortzen da. Nire postura gerturatzen dena gutxienez 10 minutu geratzen da begira.
Inoiz jantzi edo erabiliko ez zenukeen ezer sortu duzu?
Ba, aipatu dudan garezurra duen diru-zorroa ez nuke erabiliko. Badaukat beste bat kitsch estilokoa ez nukeena erabiliko. Kontrakoa ere gertatzen zait: niri ikaragarri gustatzea, baina jendea erostera ez ausartzea.
Zer eskatu dizute gehien?
Txanponak sartzeko zorro txikiak eta betaurrekoen zorroak oso ondo saltzen ditut. Enkarguak ere jasotzen ditut poltsaren bat egiteko, gortina txiki bat edo kuxin bat marrazteko. Nahi duena harremanetan jar daiteke: ibeisasi@gmail.com edo 610 01 77 55 telefonora deituta.