Udalekuak ere iritsi dira azken txanpara. Eguraldia ez dute lagun izan, baina ekintza mordua egin dituzte Elgetako neska-mutikoek. Adinka antolatuta nork bere adinari egokitutako jarduerak egin ditu eta sei hezitzaile aritu dira saioak dinamizatzen.
Uztaila hasieran entzierroa egiten ikusi genituen aisialdiko umeak herriko kaleetan. Ordutik ekintza asko egin dituzte. Eguraldia erabakigarria izan da zentzu horretan, izan ere aurreikusita zeuden zenbait jarduera ezin izan dituzte burutu, Maalako ur-putzunea, esaterako.
Aurreko barikuan egun pasa egin zuten Omako haranean eta azken barikua ere berezia izango da; mozorro festa prestatu dute. Jakin dugu nagusienek ikuskizuna egin behar dutela eta zenbait taldek ere dantzan egingo dute. Gainera, nagusiek atzo egindako lipdub-a ikusiko dute eta gurasoek ere ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. 12:00etan izango da.