Aspaldiko partez bi lagunek eman dute izena bake-epaile kargua hartzeko eta martitzenean egindako plenoan egin zuen bozketa udalbatzak. Bi hautagaiak ziren azken 20 urteotan karguan izan den Pedro Mari Ubera eta Iñigo Ibaibarriaga.
Aralarren lau botoak eta Bilduren hirurak Iñigo Ibaibarriagak jaso zituen. EAJko bi zinegotziek ezin izan zuten botoa eman Pedro Mari Uberaren familia tartekoak direlako. Bergarako epaitegiak du orain azken hitza. Pentsatzekoa da onartu egingo duela Udalak egindako proposamena. Dena den, kargu-hartzea pare bat hilabete barru egingo da izan ere espedienteak bere bidea egin behar du.
Lau urterako kargua
Bake epailearen egitekoak epaitegiko kontuekin du zerikusia. Epaitegiko langileak martitzen goizetan etorri ohi dira Elgetako udaletxera. Erregistroarekin loturiko agiriak sinatzea, ezkontzak egitea eta beste hainbat zeregin bete behar ditu bake-epaileak.