Herria txakur kakaz josita dagoela-eta, neurriak hartu nahi ditu Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko uztailaren 26a

Momentuz, txakur jabeei gutun bana bidaltzea adostu dute; txakurrak egindako kakak jasotzea jabearen ardura dela gogoraraziko dute.

Beste udalerri askotan egin duten moduan Elgetan ere heldu egin beharko diote txakur kaken auziari. Herriko bazter guztietan ikusten dira, eta txakur jabe gehienek ez omen dute euren animaliek egiten dituzten gorotzak batzeko ohiturarik.
   Neurriak hartu nahi ditu Udalak eta aukera ezberdinak aztertzen ari dira udal arduradunak. Momentuz, txakur jabeei gutun bana bidaltzea adostu dute. Idatzi horretan egoera zein den azalduko dute, eta txakurrak egindako kakak jasotzea jabearen ardura dela gogoraraziko dute. Bestelako neurriak ere badituzte mahai gainean, baina ez dute oraindik erabaki finkorik hartu.Badira hilabete batzuk udaletxean gaia mahai gainean dutela.

Umeak ere haserre

Gaia ikasturte amaieran eskolako umeekin egindako plenoan irten zen berriz ere. Umeek eskolan duten belarrezko jolastokia kakaz beteta dagoela salatu zuten. "Gure jolastokia da eta herriko jendeak badaki hori, baina eskola orduetatik kanpo askok txakurren kaka-leku moduan erabiltzen dute. Eta horrela ezin dugu ez futbolean ez ezertan ibili", salatu zuten.
   Egun horretan, Oxel Erostarbe alkateak umeei galdetu zien ea etxean txakurrik zuten, eta ea txakur horien kakak batzen zituzten. Jolastokiarekin lotuta adierazi zien Udalak pentsatuko zutela zerbait, eta umeak animatu zituen jolastokian txakurren bat kaka egiten ikusten bazuten jabeari atentzioa deitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak