Negoziazioetan Domingo Iturbe eraikina partzialki bota eta gunea urbanizatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko uztailaren 25a

Udalaren eta Gotzaindegiaren arteko negoziazioak nahiko aurreratuta daude.

Aurten betetzen ditu 100 urte, baina ez dugu urtemuga ekitaldirik ikusiko. Elgetako Udala eta Gotzaindegia Domingo Iturbe patronatuaren eraikina partzialki botatzeko negoziaziotan dabiltza. Egoera txarrean dago eta arrisku handia dakar; izan ere, istripu bat baino gehiago egon da azkenaldian; erortzear dago eraikina, eta, horregatik, hesituta dago buelta osoan.

Eraikina partzialki bota

Eremuak urbanizatzeko premia duela uste dute udal arduradunek eta azken urteotan proiektu eta ideia ezberdinak izan dituzte aztergai. Uneotan mahai gainean duten proposamenak eraikina partzialki botatzea aurreikusten du; alegia, eraikin osoa botatzea frontoi zaharra zutik mantenduta. Eskolak hainbeste urtean eskatu duen jolastoki estalia izango luke horrela. "Eraikina zaharberritzeak 800.000 euroko aurrekontua du, eta ez da bideragarria", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak. "Ez Udalak ez Gotzaindegiak ez dute lan horiei aurre egiteko dirurik eta ikusi dugu dirulaguntzarik ere ez dela egongo".
   Eraikina partzialki botatzearekin bat eremua urbanizatzeko aukera izango luke Udalak. Hori bai, eraikina botatzeko lanen  kostua eta urbanizazio lanena Udalak hartuko lituzke bere gain, eta permuta-hitzarmen bat sinatuko luke, non Gotzaindegiak etorkizunean eraikin txiki bat altxatzeko baimena izango lukeen.

Urbanizazio proiektua

Pazko Astean bota zuen Udalak eskola zaharra deituriko eraikina; urbanizazio proiektuaren lehenengo pausoa izan zen. Hurrengo faseak lau ardatz izango lituzke: Domingo Iturbe patronatuaren eraikina partzialki bota eta frontoi zaharra eraberritzea, Domingo Iturbe kaleko lur azpiko hoditeria berritzea, eskolatik Espaloirako eskailerak kentzea eta eskolaren aurreko aldean harmailak ipintzea.
   Lanok 620.000 euroko aurrekontua dute eta Eusko Jaurlaritzak 231.000 euroko dirulaguntza eman du. Elgetako Udalak 200.000 euroko laguntza eskaera egin du Erein programara eta udal ordezkariak irailean dira Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Hezkuntza delegatuarekin batzartzekoak.
Elgetako Maala guraso elkartearen ordezkariekin ere bilera egin gura du Udalak. Datorren asterako deituko dute batzarra egitasmoaren gaineko azalpenak eman eta zalantzak argitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak