Antxon Mañarikua: "Gaixoen ilusioa eta konfiantza sortzen ahalegintzen naiz"

Mirian Biteri 2011ko abuztuaren 18a

Etxez etxeko eta pertsonalizatutako laguntza psikosoziala eskaintzen du Zentzu enpresak

Etxez etxeko eta pertsonalizatutako laguntza psikosozialaren gaineko zerbitzua eskaintzen du Zentzu enpresak. Horko arduradun Juan Antonio Mañarikua Antxon gizarte-hezitzailearekin egon gara, zerbitzu berri horren nondik norakoak ezagutzeko.

Zertan datza eskaintzen duzun zerbitzua?
Berritzailea da. Laguntza eskaintzen dut etxean; baina laguntza hori ez dago zaintzara bideratuta. Adineko pertsonei eta minusbaliatuei zuzenduta dago, batetik. Gaixoen ilusioa eta konfiantza sortzen ahalegintzen naiz, ahalmen pertsonalak eta sozialak mantentzeko eta hobetzeko terapia prebentiboen bidez.
   Horrez gain, alzheimer, parkinson edo esklerosi anizkoitza bezalako endekapenezko gaixotasunak dituztenekin terapiak egiten ditut, eta minbizia dutenekin.

Nola egiten duzu lan?
Interesatuta dagoen jendearekin harremanetan jartzen naiz; lehenik eta behin, gaixoa osotasunean aztertzen dut; besteak beste, ahalmena eta bizi izateko gogoa noraino galdu duen eta gaixoaren testuingurua aztertzen dut. Horretatik guzti horretatik etekina aterako dut, eta programa pertsonalizatua sortu.
   Askotariko jarduerak jarriko ditut martxan horrekin; alde batetik, oinarrizkoak daude, hala nola irakurmena eta lengoaia jorratzeko ariketak. Bestetik, arte terapia egiten dut eurekin; besteak beste, margotzea edo buztinarekin ibiltzean datza hori. Laburbilduz, oroimena, orientazio orokorra, mintzaira, sormena eta psikomotrizitatea bizkortzeko bilatzen dituzten askotariko ekintza estimulagarriak egiten ditut gaixoekin. Motibazioa bilatzen dut, horrekin aurrerapauso handia ematen da-eta.

Formazioa behar da horretarako…
Hala da. Gizarte-hezitzailea naiz, eta pertsona nagusien arloan espezializatuta dago. Ni ibilita nago Oñatiko San Martinen, Bergarako Mizpirualden eta baita Elgetako eguneko zentroan ere; proba egin dut eta emaitza ederrak jaso ditut.

Nolakoak dira saioak?
Normalean, ordubete edo ordu eta erdikoak dira; gaixoaren egoeraren araberakoa izaten da hori. Saio bakoitzak 35 euro balio du; horren barruan guztia dago sartuta, baita kilometrajea edo eskulanak egiteko materiala ere. Asmoa da saio horiek astero bitan egitea gaixo bakoitzarekin.

Dagoeneko zerbitzua ematen hasi zara?
Kontaktuak egiten nabil. Dagoeneko hainbat dei jaso ditut, eta hainbat udalekin ere egin dut berba, proiektua azaltzeko; tartean, Bergara eta Arrasatekoarekin. Debagoiena osora nago zabalik, baita Elorriora ere. Horretaz gainera, baserrietara joateko asmoa ere badut; hiri nahiz landa eremuan ematen dut zerbitzua. Azken horretan behar handia dagoela igarri dut.

Interesatuek nora jo behar dute?
Zerbitzuan interesa dutenek bi bide dituzte: 696 02 93 05 telefonora deituta edo amanarikua@telefonica.net helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak