Urtero moduan berakatz zopekin hasiko dituzte Santixau jaiak Goimendin. Domekan izango da hori, 21:30ean. Dantzarako aukera ere egongo da jaien lehenengo egunean; Astiazaran II eta Agurtzane trikitilariek erromeria egingo dute 23:00etan hasita. Goizeko ordu txikiak arte ariko dira.
Santixau Eguna
11:00etan entzungo dute meza Goimendiko ermitan eta hortik aurrera egitarau zabala prestatu dute. Eguerdira bitartean bertsolariak eta haurrendako jolasak, eta arratsalderako herri kirolak, bolo txapelketa, bertso saioa eta erromeria. Bertsotan Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze ariko dira.