Oxel Erostarbe: "Gehiengorik ez egotera denok behartuta egongo gara adostasunetara iristera"

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko uztailaren 12a

Udalaren funtzionamendua zein izango den finkatu zuen atzo Elgetako udalbatzak; zazpi batzorde egongo dira eta plenoak hileko azken martitzenetan egingo dira, 19:00etan.

Zazpi batzorde izango ditu Udalak agintaldi honetan, aurrekoan baino bi gutxiago eta plenoak hileko azken martitzenean egitea adostu zuten, arratsaldeko 19:00etan. Ordubete aurreratu dute plenoen hasiera. Alkatearen esanetan pleno horietan herritarren parte-hartzea errazteko.

   Bada beste nobedaderik; osokoan ordezkaritza duten alderdi denek hartuko dituzte ardurak. Aralar-Independenteak taldeak lau batzorde hartuko ditu; Hirigintza-Etxebizitza (Iban Retolaza), Hazienda-Parte Hartzea (Oxel Erostarbe), Hezkuntza (Ana Gillegi) eta Kirolak-Aisialdia (Jose Mari Zubiaurre). Bilduk bi batzorde hartu ditu; Ongizate-Osasuna (Marga Castro) eta Kultura-Euskara (Janire Lazkano). Azkenik, alderdi jeltzaleak Baserritarrak-Turismoa (Patxi Basauri) batzordea hartu du.

Ordainsari berdinak

Zinegotzien ordainsariei eta alkatearen soldatari dagokionez ez dago aldaketarik. Zinegotzien eta talde politikoen ordainsaria, guztira, 12.420 eurokoa izango da urtean. Alkatearen soldata ia 25.000 eurokoa da eta uko egin dio agintaldi honetan ere Oxel Erostarbek.

   Astelehenean bertan egingo dute lehenengo batzordea Elgetan; Hirigintza batzordea izango da. Agintaldirako udal ordezkariek egiten dituzten aurreikuspenen inguruan galdetuta, ilusioa eta lanerako indarra nabarmendu ziren atzoko plenoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak