Amaitu dira 2011ko Ferixa Nagusiko jaiak eta balorazio positiboa egin du Oxel Erostarbe alkateak. "Jai giro polita egon da eta egueneko Mozorro Eguna eta zapatuko Herri Eguna nabarmenduko nituzke", adierazi du. "Oihana Kortazarri egindako omenaldia polita izan zen eta jaioberriei lehenengo aldiz egindako ongietorri ekitaldiak erantzun ona izan du, izan ere, osoko bilkuren aretoa beteta zegoen. Zapatu gauean, berriz, Egan taldeak bete egin zuen Herriko plaza. Urteak dira horrelakorik ikusten ez genuela". Alkateak uste du umeendako barikuan prestatutako jolasek arrakasta izan zutela, eta erretiratuen bazkaria guztiz finkatuta dagoela jaien egitarauan.Kezka bat azaldu du Erostarbek: "Gaupaseroek arazo bat edo beste sortu zuten bariku goizean umeendako puzgarriak eta igerilekua ipintzen ari zirela". Horrelakorik berriz ez gertatzea nahiko luke.
Txapelketak eta sariak
Jaiotan hainbat lehiaketa egin dira. Asto karreran Mikel Beretxinaga nagusitu da beste behin. Bolo txapelketan 26 lagunek hartu zuten parte eta Gaizka Bolinaga izan zen garailea sei txirlo jota. Intxortako Lehoiek zozketatutako saria, berriz, Mikel Mandaluniz Realzale sutsuak eraman zuen.
Jaiak Goiena telebistan
Gaur, barikuan, 22:15ean emango du Goiena telebistak Elgetako jaien gaineko erreportajea. Aste bukaeran zehar errepikapenak ere egongo dira; zapatuan 10:00etan, 16:45ean eta 21:00etan; eta domekan 14:00etan eta 22:30ean. Mozorro Eguna, ongietorria jai berriei, asto karrera, paella jana, feria... ikusiko dira.