Marcelino Usabiaga: "Bada garaia egia osoa kontatzeko"

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko uztailaren 7a

Hamaika gudariren testigantzak jasotzen dituen 'Maizales bajo la lluvia' liburua aurkeztu dute Elgetan.

Testigantza liburua da Aitor Azurkiren Maizales bajo la lluvia eta horregatik Marcelino Usabiaga izan zen protagonista Espaloiko aurkezpenean. 95 urte bete izanagatik ondo baino hobeto gogoratzen ditu Usabiagak gerra eta ondotik etorri zen diktadura. "Jendeak gertatutakoaren berri izan behar du", adierazten du. "Azurkik primerako lana egin du. Oso garrantzitsua deritzot, izan ere jendeari egia osoa kontatu behar zaio behingoz. Urteetan, egia erdiak baino ez dira kontatu hemen". Usabiagak 19 urte zituen faxisten altxamendua gertatu zenean eta jaioterrian, Irunen, hartu zuen fusila lehen aldiz. Hortik aurrera gertatutakoak pelikula batean jasotzeko modukoak dira. Zalantza barik, badu zer kontatu!

Azken gudariak

Usabiagaren testigantza eta beste hamar gudarirenak jasotzen ditu Alberdania argitaletxearen zigilupean Azurkik sinatzen duen liburuak. "Gerrako galtzaileen historia da; gelditzen diren azken gudari horiena. Urteetan isilduak izan dira eta kontatzeko gogoz daude". Testigantza eman duten gudarien artean abertzaleak, sozialistak, anarkistak eta komunistak daude. Elgetako aurkezpen ekitaldira ekarritako liburua guztiak saldu zituen Azurkik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak