Oihana Kortazar omendu zuten elgetarrek

Xabier Urtzelai 2011ko uztailaren 1a

Elgetako Udalak Oihana Kortazar mendi lasterkaria omendu zuen atzo, herriko jai nagusien hasieran. Denboraldi bikaina egiten ari da Kortazar: hamabi lasterketa egin ditu eta guztiak irabazi ditu, azkena Tenerifen. Domekan, berriz, Lleidan lehiatuko da, Espainiako Txapelketan.

Elgetako udal ordezkariekin batera, eszenatokian izan zen atzo Oihana Kortazar mendi lasterkaria ere, Ferixa Nagusiko jaiei hasiera emateko ekitaldian.

Egindako ibilbideagatik eta lortutako emaitzengatik, omenaldia egin zion Elgetako Udalak. Lore sorta jaso zuen alkatearen eskutik, arkua irudikatzen duen oroigarria alkate txikiaren eskutik, eta Intxortako Lehoiak Athletic-eko lagunarteko ordezkariek ere eman zioten sari bat, etxea trofeoz beteta eduki duela baina eurek emandako horri ere toki txiki bat egiteko eskatuz.

Aurreskua dantzatu zioten hurrena. Esker hitzak izan zituen Kortazarrek, trukean: eskerrak eman zizkien bertan batutakoei, berarekin akordatzeagatik; eta eskerrak baita ere etxekoei entrenatzeko denbora izaten laguntzearren, eta lagunei babesa ematearren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak