Patxi Montiel: "Baliabide falta irudimenarekin eta guztien inplikazioarekin ordezkatzen genuen orduan"

Edu Mendibil 2011ko ekainaren 29a

Azken 25 urteotan Urretxun bizi den arren, astero etortzen da Elgetara Patxi Montiel (Aren, Huesca, 1953). Gurasoak Andaluziakoak ditu eta 1958 aldera etorri ziren haiek Elgetara. Hantxe bizi dira oraindik. Herri Kandidaturako zinegotzia izan zen Patxi demokraziaren hastepenetan. Talleres Etxeberria lantegian egin du lan beti, 14 urte zituenetik joan den urtera arte. Bistan da pertsona ezaguna dela. Ostatu tabernaren kanpoaldean elkarrizketa egiten ari ginela, makina bat herritar hurbildu zitzaizkion, hitz gozoekin agurtzera. Noizean behin irrintzi bat entzuten da Elgetan: Patxiren mugikorraren tonua.

Makina bat aldatuko zen Elgeta Udalean egon zinetenetik...
Ikaragarri. Asko aldatu da Elgeta, eta bizi kalitatea hobetu. Sasoi hartan demokraziaren hastapenetan ginen eta dena egiteko zegoen. Pentsa, Udaleko aurrekontua zazpi milioi pezeta zen orduan. Kirol eta gazteriari zuzenduta, 50.000 pezeta. Atera kontuak. Aurrekontu guztia kaleen garbiketan, farolaren baten berritzean eta horrelako lan txikietan joaten zen. Baliabide falta irudimenarekin eta guztien inplikazioarekin ordezkatzen genuen orduan. Udaltzain, kale-garbitzaile edota igeltsero jardun behar izaten genuen. Baina, zorionez, jendea erabat inplikatzen zen. Laguntza behar bazenuen, segituan altxatzen ziren hamar, hogei esku laguntzeko gertu. Hori igartzen dut faltan gaur. Herriko giro horrek behera egin du eta dena konpontzen da dagokionari ordainduta. Taloia luzatu eta kito.

Zelan animatu zinen hauteskundeetara aurkeztera?
Ez dakit ba... Ni baino hobeto prestatutako jendea egongo zen lan horretarako, baina... Ozkarbi elkarteko mendi saileko presidentea nintzen orduan eta nik uste dut horregatik deitu zidatela. Herriari begira lan egiten genuenez, hortik etorri zen proposamena. Herri Kandidaturako alkategaia Jose Luis Zabalondo izan zen eta ni bigarrena nintzen zerrendan. Biak atera ginen zinegotzi. Gurea orduko Herri Batasunaren hurbileko taldea zen, independenteek lau ordezkari lortu zituzten (Patxi Basauri alkatea tartean) eta EAJk hiru zinegotzi. Oso oroitzapen onak ditut. Politikak ez zuen gaur bezain beste agintzen eta herrirako lan egitea zen gure helburu nagusia. Eztabaida batzuk izaten ziren, noski, baina elkarrekin aritu ginen lanean. Udalean jardun ondoren, askotan joaten ginen denok Intxorta elkartera. Jabier Arantzeta zenak kubata onak prestatzen zizkigun. Benetan giro ona zegoen gure artean. Agintaldi bakarra egin nuen, handik aurrera politika agintzen hasi zelako, elkartasunaren kaltetan.

Orduan egindako lanen bat nabarmenduko zenuke?
Lan txikiak izan ziren orokorrean.baliabide gutxi genituelako, batik bat. Esaterako, futbol zelairik ez zegoen, eta enpresa batek industrialdean utzitako orubea egokitu genuen. Diru eskasiaren beste adibide bat: jaietarako zezen bat eta ahari pare bat erosi genituen. Eta zezena adar bakarrekoa zen! Jaien ostean zezena eta ahariak zozketatzen genituen, nolabait jaiak finantzatzeko. Aizkolariendako apeak-eta nonbaiten lapurtuko genituen... Bestalde, Debagoieneko Mankomunitatea orduan hasi zen martxan eta Kanpanzarko zabortegia izan zen lan nagusietakoa.

2006an 1981eko zezenketa errepikatu zenuten orduko toreatzaileek...
Bai, sekulako giroa egon zen eta polita izan zen hura gogoratzea. El Concejalillo nintzen 1981eko zezenketan: barre onak! 25 urte geroago, zezena bi adarrekoa zen eta kontuz ibili beharra zegoen, badaezpada...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak