Rebeka Ubera: "Aralar prest dago Bilduri lagundu eta bultzada emateko aldaketari"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko eka. 24a, 02:00

Rebeka Ubera elgetarra da Aralarrek Euskal Autonomia Erkidegoko Batzar Nagusietan lortu duen batzarkide bakarra. Hauteskunde osteaz eta egoera berriaz dihardu elkarrizketa honetan.

Aralarrek Euskal Autonomia Erkidegoko hiru batzar nagusietan izango duen batzarkide bakarra izango zara…
Bai, zoritxarrez neu bakarrik geratu naiz. Erantzukizun handia da. Egindako lana jarraitu eta gure helburuak betetzen saiatuko naiz: bakegintzari eta normalizazio politikoari dagokienez edo beste alor programatiko edo sektorialagoei dagokienez ere.

Ze erakutsi dute hauteskundeek?
Gipuzkoa aurrerakoia, abertzale eta ezkerrekoa dela. Beste argazki bat erakutsi digute hauteskundeek. Normalizazio politikorantz beste urrats bat egin dugu, oraindik ere gehiago egin behar diren arren. Bilduri eman diote herritarrek babesa eta hori da erakundeetan islatu behar dena.

Espero zenituzten Aralarren emaitzak?
Ez. Apustua egin genuen bakarrik aurkezteko. Aurreikuspen eta helburu batzuk genituen, emaitzei dagokienez, baina ez dira bete. Batez bestekoari begiratzen badiogu, igo egin dugu, baina ordezkaritzan ez da hori islatu. Edozelan ere, emaitzak ez dira onak izan. Herritarrek ez digute babesa eman guk espero genuen neurrian. Lanean jarraituko dugu konfrontazio politiko eta ideologikoan, Aralarrek defenditzen dituen ideiak zabaltzen. Ordezkaritza txikia lortu arren, pozik gaude Aralarrek 10 urteotan aldarrikatu dituen ideiek geroago eta jarraitzaile gehiago dituztelako. Bakeari eta normalizazio politikoari bide emateko sortu zen Aralar, eta gertuago dago hori orain.

Bilduren emaitzak?
Ez genuen espero horrenbesteko babes handia lortuko zutenik. Eta esango nuke haiek ere ez zutela espero emaitza ikusgarri horiek. Urrats inportantea da normalizazio politikoan. Aralar prest dago bultzada emateko aldaketari: arlo sozioekonomikoan eta bakeari eta normalizazio politikoari dagokienez.

Zergatik eman diozue botoa Bilduri hainbat udaletan?
Ezker abertzaleko indarra garen heinean, beste ezker abertzaleko sentsibilitatearekin elkarlanean jarduteko borondate osoa daukagulako. Gipuzkoak aldaketa eskatu du. Politika egiteko beste modu bat. Dinamika zaharrak alboratu behar dira… Guk, bidea irekitzeko, orain arte bezala, lanean jarraituko dugu geure oinarri ideologikoei eutsiz. Elkarlana garrantzitsua da, ez bakarrik Bildurekin, baita bestelako abertzaleekin ere. Erabakitze eskubidea gauzatu ahal izateko…

Zela baloratzen duzu Elgetako Bilduk Aralarri babesik eman ez izana?
Bakoitzak jakingo du zela jokatu. Gure jokabidea zein den argi dago. Orain eta lehen, apustua egina daukagu. Gure printzipioak hor daude. Ezker abertzale zibil eta zabalaren alde lanean dihardugu. Hauteskundeen aurretik ere, Gernikako Akordioa sinatu genuen EA, Alterbatiba eta ezker abertzaleko beste sentsibilitatearekin. Guk garbi eta zintzo jokatuko dugu.

Gipuzkoan, Bilduren gobernuan sartuko da Aralar?
Ez dugu eskaintza konkreturik jaso Bilduren aldetik. Batzar Nagusietako mahaian egoteko eskaintza jaso genuen. Besterik ez. Haiekin batu garenean, gobernagarritasunez-eta jardun dugu. Oso zabal, ezer zehatzik barik. Haiek euren programa helarazi eta guk geurea bidali genien. Horraino.

Zer eskatzen diozue Martin Garitanori?
Gernikako Akordioa bere egin eta praktikara eroateko, jendarteratzeko, saiakerak egin ditzala. Gipuzkoako txoko guztietara normalizazioa, bakea… etor dadin, lan egin dezala. Gero, zela ez, Gipuzkoak behar duen aldaketa gauza dezala, kudeaketari dagokionez, ezkerreko politiketan-eta. Esaterako, gizarte zerbitzuetan pribatizazioak amaitzea eta eredua aldatzea; garraio publikoa benetan bultzatzea; Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia herritarrekin batera kudeatzea, elkarlanean, erakunde ireki eta gardena izateko…; austeritatea izatea marka; ogasunean, oinarritik aldatzea politika fiskala… Eta, zela ez, Foru Aldundian atzeko atetik sartu zen gobernu hori, Gipuzkoa Aurrera, amaitzea, benetako Gipuzkoa Aurrera izan daitezen Batzar Nagusiak. Gipuzkoan zeregin handia dago.

Aralarrek hainbat akordio estrategiko ditu EArekin eta Alternatibarekin, baina haiekin batera ez joatea erabaki zuen hauteskundeetara. Zergatik?
Hasteko, ez ginelako gonbidatuak izan. Ez genuen jaso proposamenak eztabaidatzen hasteko gonbitik. Bilduren oinarria Euskal Herria Ezkerretik zen. Eta helarazi ziguten proposamena, berau hedabideetan aurkeztu ostean. Batzar baterako deitu gintuzten eta baietz esan genien, baina, oraindik, jartzeke dago eguna. Gonbidatuak izan bagina, akaso, ez ginen egongo. Edozelan ere, alferrikakoa da atzera egitea orain. Aralarrek bakarrik aurkezteko apustua egin zuen eta emaitzak hor daude.

Hartutako erabakia egokiena izan da?
Ez dauka atzera bueltarik. Ezker abertzaleko beste sentsibilitateak ez zuen eskatu Nafarroa Bai koalizioan sartzea. Bestalde, guk ez genuen inor bota Nafarroa Baitik. Ateak irekita izan genituen. Printzipio batzuk zituen koalizioak eta uste genuen horiei eutsi behar zitzaiela.

Egoera berriak Aralarren etorkizuna eta proiektua birplantearaz ditzake?
Bai, mapa politikoa aldatu da, gure emaitzak izan dira direnak eta udazkenean hausnarketa prozesu zabala egingo dugu. Aralarren paperak eta etorkizunak zein izan behar duen erabakitzeko. Alderdiak politikarako tresna besterik ez da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak