Txirikil aisialdia taldea aurkeztuko dute San Juan bezperan

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko ekainaren 21a

Txokolate-jana eta aurkezpen ekitaldia egingo dituzte 16:30ean, Espaloian.

Beteta dator San Juan bezpera Elgetan. Ohiko ekintzei Txirikil taldearen aurkezpen ekitaldia gehitzen zaio aurten. Txirikil Goibeko elkartearen baitan sortzen den aisialdi talde berria da. Mireia Berriozabalen, Maialen Elortzaren eta Ane Elortzaren ekimenez sortu da taldea. Bideo emanaldia emango dute 16:30ean kafe antzokian hasiko den aurkezpen ekitaldian, eta San Juan suaren inguruko argazki erakusketa inauguratuko dute. Erakusketa hori Ferixa Nagusiko jaiak hasi bitartean egongo da ikusgai Espaloian eta herritarrek emandako argazkiekin osatu dute.

Jolasak eta sua

San Juan bezpera ekintzaz beterik dator. Espaloiko ekitaldiaren ostean neska-mutikoek antzinako haur jolasetan gozatzeko aukera izango dute; 17:30ean hasita egingo dituzte Bolatokiko kantxan. Jarraian etorriko dira umeendako afari-merienda (19:00etan, Bolatokian), trikitilariak (20:00etan), txitxiburduntzia (21:00etan, gaztetxeko lautadan), su-jolasen erakustaldia (21:30ean, Bolatokiko kantxan) eta San Juan sua.

San Juan sua

Iluntzean piztuko dute Bolatokiko kantxan ondoan egin duten meta. Egunak dira ludotekako eta gaztelekuko neska-mutikoak egurrak, kartoiak eta paperak batzen ari direla. Dagoeneko pila ederra egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak