Iaz egindako irisgarritasun lanen ondotik, fatxada berritzeko lanak egin zituzten Ozkarbi elkarteko eraikinean. Wifi gunea librea ere bada, eta orain, ate berriko sarraila aldatzeko puntuan dira. Bazkideek lau egun dituzte giltza berria jasotzeko; ekainaren 21etik 24ra, hain zuzen ere, biak barne. Zuzendaritzako kideak elkartean izango dira giltza berriak banatzeko 13:15etatik 13:45etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Giltza horrek hainbat operazio egiteko balioko du. "Botoi itxurakoa da eta sarrerako atea zabaltzeko zein orain arte txartel bidez egiten ziren eragiketak — hartutakoak apuntatu, mahaiak erreserbatu... — egiteko erabiliko dugu", eman dute jakitera zuzendaritzatik.
Sukaldea berritzeko lanak
Elkarteko sukaldea, berriz, itxita egongo da gaurtik, astelehena, ekainaren 30era arte. Suak, labeak eta kanpaia berrituko dituzte.
Aste honetan sukaldea bakarrik egongo da itxita, baina hurrengoan, hilaren 27tik 30era garbiketa sakona egingo dute eta elkarte osoa egongo da itxita. Gauzak ondo bidean bazkideek Ferixa Nagusiko jaietan erabili ahalko dute sukalde berria. Zuzendaritzatik sortutako eragozpenak barkatzeko eskatu dute.