Gatzagako, Elgetako eta Antzuolako etorkinen artean egin du inkesta Bideberri mankomunitateak. Elgetaren kasuan etorkinen jatorria da Pakistan (10), Maroko (6), Portugal (6), Kolonbia (3), Kuba (3), Venezuela (2), Dominikar Errepublika (1) eta Eslovenia (1).
Populazio egonkorra da, izan ere, gehienek (%84,3) bi urtetik gora daramate gurean. Erresidentzia baimenarekin (%75) eta lanean (%62,5) daude. Betirako hemen gelditzeko asmoa du %56,25ak.
Oinarrizko ikasketak ditu %45ek, eta bigarren edo goi mailako ikasketak %45ek. Ikasketarik gabekoa %10 da.
Integrazioaren bidean
Integratuta egotea auzokideekin zein herritarrekin arazorik ez izatearekin parekatzen dute. Adierazten dute Euskal Herrian ez dutela beste komunitate batzuetan izan dituzten diskriminazio keinuak sumatu (%90) eta adeitasunez tratatuak direla uste du %75ak.
Ez dute Elgetan etxebizitza lortzeko arazorik izan (%90), baina integrazioaren bidean arazoetako bat hizkuntza dela uste du askok.
Umeek eurekin dituztenek (%46) balorazio ona edo oso ona egiten dute jasotzen duten heziketaren inguruan, baita irakasleek eskaintzen dieten arreta eta hauek familiekin duten harremanaren inguruan ere. Gehien kostatzen zaiena familiarengandik urrun bizitzea da, baina aukera berriz emanez gero beren herritik berriro irtengo liratekeela diote.
Onartzen dute ez dutela herriko kultura ekintzetan parte-hartzen; betebehar garrantzitsuagoak, informazio falta eta hizkuntza ulertzeko zailtasunak argudiatzen dituzten.