Korporazio berria eratuta dago Elgetan ere. Eguerdian eman diote hasiera Elgetako udaletxean inbestidura ekitaldiari eta maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan boto bakar batengatik herrian bozkatuena izan zen zerrendako hautagaiak, Oxel Erostarbek, hartu du alkate kargua.
Aralar-Independenteak taldeko, bere taldeko, lau zinegotzien babesarekin eskuratu du kargua. Bilduko hiru ordezkariek beren hautagai Janire Lazkanori eman diote botoa, eta EAJren bi ordezkariek Patxi Basauriren hautagaitza babestu dute.
Alkatea aukeratzeko bozketa egin aurretik, eta prozedurak horrela eskatzen duelako, adineko mahaia eratu dute; udal ordezkari nagusienak eta gazteenak osatzen dute mahai hori. Kasu honetan, Maria Jesus Lete eta Janire Lazkano izan dira adineko mahaia osatzera deituak. Zinegotziek kargua zin egin ostean egin da bozketa.
Udal idazkari Maria Angeles Elkorok eman dio aginte makila Oxel Erostarberi. Elgetako alkate karguan bigarren agintaldia izango da honakoa Erostarberendako.
Udal gobernuaren osaketa
Orain, 30 eguneko epea du udalbatza berriak beste pleno bat deitzeko. Pleno horretan udal batzorde bakoitzeko buruak aukeratuko dituzte. Gaurko ekitaldian Bilduko bozeramale Janire Lazkanok aurreratu duenez Elgetako Bilduk oposiziotik egingo du bere lana.
Ikusi argazkiak hemen.