Bihar, zapatua, eratuko da agintaldi berriko udalbatza

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko ekainaren 10a

12:00etan elkartuko dira bederatzi zinegotziak eta alkate berria izendatuko dute.

Iritsi da udalbatza berria eratzeko unea. Bihar, zapatua, 12:00etan gertatuko da hori. Bederatzi zinegotzietatik bost izango dira berriak; Jose Mari Zubiaurre (Aralar-Independenteak), Janire Lazkano (Bildu), Marga Castro (Bildu), Eneko Arantzeta (Bildu) eta Maria Jesus Lete (EAJ). Azken honek badu esperientzia zinegotzi moduan.

     Jarraipena izango dute udalbatzan Oxel Erostarbek (Aralar-Independenteak), Iban Retolazak (Aralar-Independenteak), Ana Gillegik (Aralar-Independenteak) eta Patxi Basaurik (EAJ).

Negoziazioak zabalik

Agintaldia bukatzen da eta Oxel Erostarbek eskerrak eman dizkie prentsa ohar bidez agintaldian zinegotzi izan diren guztie. "Esker berezia eman gura diet Aralar-Independenteak taldearekin gobernua osatu duten Edurne Alberdi eta Leire Basauri zinegotziei. Lau urte berri hauetan herritarrei ateak parez pare zabaldu dizkiegu udaletxean. Parte hartzea bultzatzea izan da gure eguneroko jardunaren oinarri eta aurrera begira ere horrela jarraitzea gura genuke".
    Erostarbek aurreratu du datorren agintaldira begira Aralar-Independenteak taldeak hasiak dituela udal gobernua osatzeko elkarrizketak. "Ditugun erronkak adostu eta elkarrekin aurrera ateratzeko asmoarekin, azken egunetan izandako elkarrizketetan udal gobernua guztiok osatzea proposatu diegu Bilduri eta EAJri Elgetan. Hurrengo asteetan bi alderdiekin elkarrizketekin jarraitzea da asmoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak