Elgetako baserritarren kooperatibak antolatuta erlezaintzari buruzko oinarrizko ikastaroa egingo dute, barikuan, ekainak 10, Ozkarbi elkartean.
Larrabiltxo baserriko eta baserritarren kooperatibako presidente Luis Mari Arantzetak gidatuko du saioa. Ikastaroak bi atal izango ditu; 19:00etan hasita azalpen teorikoak emango dituzte Ozkarbi elkartean. Erleak nola bizi diren, nola tratatu behar diren, behar izanez gero erregina nola apartatu behar den... Askotariko azalpenak emango ditu etxean 40 bat erlauntza dituen Luis Mari Arantzetak.
Saio praktikoa Larrabiltxon
Baserritarren kooperatibatik adierazi dute laburra izango dela saio teorikoa eta jarraian saio praktikoa egiteko aukera izango dutela parte-hartzaileek.
Larrabiltxo baserrian ditu erlauntzak Luis Mari Arantzetak eta bertara eramango ditu ikastaroko parte-hartzaileak. Hala, saio teorikoan azaldutakoak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute interesatuek.
Ikastaroa irekia da eta nahi duen orok izango du bertan parte hartzeko aukera. Nahikoa da 19:00etan Ozkarbi elkartera hurbiltzea.