Urtero moduan udaleku irekiak izango ditugu aurten ere Elgetan. Zerbitzua Ferixa Nagusiko jaien ostean zabalduko du Udalak eta hil osoan emango du; uztailaren 4tik 29ra, zehatz esanda.
Zerbitzu hori Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako neska-mutikoendako da; astelehenetik barikura bitartean egongo da zabalik 09:00etatik 13:00etara. Zabalik dago izena emateko epea eta interesatuek ekainaren 7a baino lehen eman behar dute izena udaletxean.
Prezioa hileko eta umeko 90 euro da. Zerbitzua aste bakar batez erabili nahi dutenendako 30 euro, bi astez erabiliko dutenendako 55 euro eta hiru asterako 70 euro. Familia ugariek %15eko deskontua izango dute eta gurasoak langabezian badaude beherapena %40 da.
Argazki erakusketa
San Juan bezpera hurbiltzen ari dela-eta gogoratu argazki erakusketa egiteko argazkiak eskatu dituztela Txirikil taldeko Mireia Berriozabalek, Maialen Elortzak eta Ane Elortzak. Udaletxean, liburutegian edo ludoteka-gaztelekuan jasotzen dituzte. Guztiak itzuliko dituzte erakusketa amaitutakoan.