"Probak eginda daude eta seinalea ona da", adierazi du lanak egin dituen antenistak. "Goiena telebista ondo ikus daiteke herri barruan", ziurtatu du.
Asteotan aritu dira egokitzapen lanak amaitzen. Helburua zen Lasao kale inguruan detektatuta zegoen itzalguneari konponbidea ematea eta bigarren errepikagailu bat ipinita gainditu da arazo hori. "Ez dago itzalgunerik erdigune guztian", adierazi dute teknikoek. Goibeko euskara elkarteak ordainduko ditu Goiena telebistaren seinalea hobetzeko lanak. "Mundumirako txosnan ateratako diruarekin" adierazi dute elkartetik.
Nola sintonizatu
Gainerako telebista kateekin egiten dugun moduan saiatu lehenengo Goiena telebista etxeko aparailuan sintonizatzen; 52 kanalean aurkitzen da. Ikustea lortzen ez baduzu deitu antenistari baliteke teilatuko antenan egokitzapen lanak egin beharra izatea-eta. Zortzi etxebizitzako eraikin batean teilatuko antenan egokitzapen lanak egitea bizilagun bakoitzari 25 euro inguru kosta dakioke.