Mikel Ziarrustarentzat Euskal Herriko Boulder txapelketa

Usoa Agirre 2011ko mai. 30a, 12:02

Euskal eskalatzaile onenak elkartu ziren zapatuan Elgetako pilotalekuan Euskal Herriko VI. Boulder txapelketan, denboraldiko hitzordurik garrantzitsuenetako batean, bai kirolarientzat eta baita zaletuentzat ere. Ikuskizuna, zer esanik ez, ederra izan zen eta zaleak uneoro ibili ziren parte-hartzaileak animatu eta giroa berotzen.

Parte-hartzaileek ere ez zuten hutsik egin eta Euskal Herrian dagoen maila berriz ere geratu zen agerian. Txapeldunak maila bakoitzean hauek:

  • 16 urtez azpiko gizonetan Beñat Arrieta (Eskoriatza K.E.)
  • 20 urte azpiko emakumeetan Irene Alvarez de Castro (Pol-Pol M.T.)
  • 20 urtez azpiko gizonetan Jon Ferrero (Aurrera M.T.)
  • Emakumeen maila nagusian Esther Cruz (Inda Mendi taldekoa)
  • Gizonen maila nagusian Mikel Ziarrusta (Gasteiz Mendi Taldea), lehenengo aldiz mota honetako txapelketa baten hain gora heltzea lortu zuena, hain zuzen.

Egun osoko eskalada festa izan zen zapatukoa, Mundumira jaialdiko egitarauaren barruan ospatu zutena. Goizean kanporaketak egin eta gero, 17:30ean hasi ziren finalak. Euskal Mendi Federazioak bereziki diseinatutako sei bloke izan zituzten parte-hartzaileek. Pozik zeuden parte-hartzaileak antolatzaileek prestatutako bloke bereziekin.
Aurten ere maila oneko txapelketa izan dela diote antolatzaileek, espero zen bestekoa.

Ibarreko parte-hartzaileak

Orokorrean, Debagoieneko ordezkaritzak lan txukuna egitea lortu zuen. Gazteenen kategoriatan ibarreko mutilek lan polita egin zuten. 16 urtetik beherakoetan Eskoriatza Kirol Elkarteko Beñat Arrieta izan zen txapelduna eta bigarren Jon Aranburu, Besaide Mendi taldekoa. 20 urtetik beherako emakumeetan Pol-Pol Mendi taldeko Irene Alvarez de Castro izan zen txapelduna; bera izan zen parte-hartzaile bakarra.

Gizonezkoetan podiuma lortu ez arren, Debagoieneko Eskalatzaile Taldeko Iñaki Velasco eta Kepa Bruñak laugarren eta bosgarren postuak eskuratu zituzten. Gizonezkoen maila nagusian Markel Mendieta arrasatearra hirugarren postuan geratu zen. Iaz kanporaketetan geratu zen; aurten ostera, gora egitea lortu du Murrukixo Taldeko kideak. Mikel Arroitajauregik iaz lortu zuen txapela aurten, bigarren geratuta, Mikel Ziarrustari gasteiztarra eman behar izan dio, oso lehia estuan.

Debagoieneko gainontzeko parte-hartzaileei dagokienez, Pol-Pol Mendi taldeko Xabi Lazkano zortzigarren geratu zen eta Debagoiena Eskalatzaile taldeko Mikel Velasco hamabigarren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak