Koldo Goenaga (Bildu): "Erretiratu egiten naiz; boto batengatik galtzeak min egin dit"

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko mai. 27a, 18:12

Motza izan da Koldo Goenagaren ibilbide politikoa. 245 boto lortu eta bigarren indar politikoa izatera heldu ostean erretiratzen da.

Zergatik?
Irabazteko aurkeztu nintzen. Etxeko kontuak ere badaude tartean. Andreak aurten hartzen du erretiroa, etxe bat dugu kanpoan eta berak ere nahi du elkarrekin egotea. Alkate atera izan banintz jarraitu egingo nuke. Ardura ardura da, baina zinegotzi… gazteak datoz atzetik eta lekua egin behar zaie.

Boto bakarrera gelditzeak eragina izan du erabaki horretan?
Niretzat, bai. Taldean oso gustura daude emaitzekin, baina ni ez. Beti esan dut irabaztea gustatzen zaidala eta boto batengatik galtzea da Joko Olinpikoetan laugarren gelditzea bezala. Min handia eman dit. Eta katxondeoa handia da; Aralarrek herri bakar batean irabazi du eta niri izan da boto bakar batengatik.

Zer esango zenieke Elgetan Bilduren autoa egin duten 245 hautesleei?
Botoa kasualitatez niri eman didatenei, barkatzeko eta gainerakoei eskerrik asko botoa Bilduri emateagatik.

Zergatik 'kasualitatez'?
Pentsatzen dut botoa zerrendei ematen zaiela eta ez pertsonei. Eta horrela izan behar duela uste dut, gainera.

Nola gelditzen da orain Elgetako Bildu?
Nire ustez oso indartuta gelditzen da, bateratua. Gainera jende gaztea datorrela ikusten dut eta azkenean hori da beharrezkoa. Gazteek aldatu behar dute gizarte hau, ez ni bezalako erretiratuek. Gu kobratu eta etzanda egoteko gaude. Gazteek ikusi behar dute etorkizunerako ze gauza behar diren eta gauzak badaude aldatzeko Elgetan, zein Euskadi edo Europa mailan. Nire ustez gazteek egin behar dute tira.

Bilduk boto gehiago lortu ditu Elgetan foru aldundietarako udaletxerako baino. Min egin dizu horrek?
Ez du zer ikusirik. Guk emaitza onak lortu ditugu eta pozik gaude. Gertatzen da boto batengatik galtzeak niri kristoren amorrua ematen didala. Eta punto.

Jeltzaleekin alkatetza hartzeko aukera baztertu egin duzue hasieratik?
Esango dizut gauza bat; ni zerrenda bozkatuenaren aldekoa naiz. Beti errespetatuko dut irabazlea. Ez naiz jeltzaleen modukoa, zorionez. Ziur nago Gipuzkoako Diputazioa ere kendu egingo digutela.

Nola ikusten duzu Elgetaren etorkizuna?
Elgetan, gaizki. Aralarrek irabazi ditu udal hauteskundeak eta uste dut Aralarrek dituela kanpotik diru-laguntzak ekartzeko aukerarik txikienak. Batzarkide bakarra lortu dute eta horrek badakigu zer esan nahi duen... Hemen saihesbide bat egitea onartuta dago. Nire iritziz agintaldi honetan ere ez da egingo

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak