Zapatuan, maiatzak 28, emango diote amaiera Gipuzkoako 42. hiru txirlo txapelketari. Azpeitiko Garmendipe bolatokian jokatuko da azken jardunaldi hori 12:30ean hasita. Aurten, bi talde izan ditu Elgetak txapelketan; aspaldiko ordezkaritzarik zabalena.
Sari banaketarekin batera Bolari Eguna ospatuko dute Lau Bide jatetxeko bazkalostean. Sei lagun omenduko dituzte bertan, tartean Elgetak txapelketan izan dituen bost ordezkari; Antonio Antxustegi, Segundo Pagaegi, Sabin Arriaga, Antonio Ibarluzea eta Antolin Arizmendiarrieta.
Sailkapenak
Txapelketako azken jardunaldiaren faltan 19 txirlo jota Sabin Arriaga da Elgetako bi taldeetako bolari onena. Sailkapeneko 12. postuan dago. Segundo Pagaegik 18 txirlo jo ditu eta Sebastian Arantzabalek 15.
Nagusien txapelketa eta Lehendakari saria dituzte eskuragarri Elgetako ordezkariek; nagusietan Sabin Arriaga da lehenengoa eta Segundo Pagaegi bigarrena. Lehendakari sarian, berriz, Pagaegi doa aurretik sailkapenean 13 txirlo jota.
Taldekako txapelketan, Elgetako A taldea laugarren postuan dago.