Iker Irazabal: "Mundumirako BTT zeharkaldia goizez egingo dugu; gorputzaldia hobea da arratsaldean baino"

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko maiatzaren 24a

Maiatzaren 28rako 29 kilometroko zeharkaldia prestatu dute; desnibela 2.000 metrokoa da.

Mundumirako BTT zeharkaldia arratsaldez izango dela agertu da hainbat esku-programatan. Jakin, goizez egingo dutela, 09:30ean abiatuta.

Zenbat lagunek diharduzue lanean?
Sei bat. Gero, egunean bertarako beste 20 bat boluntario daude. Ibilbidea definitu, markatu, baimen guztiak eskatu, egunean bertan bidegurutzeak egin, jateko eta edateko postua... azkenean jendea behar da.

Lokatza taldea laguntza handikoa izan da, ezta?
Proba Lokatzaren aterkipean egingo dugu. Elgetan ez dugu talde federaturik eta Lokatzara jo genuen. Ez digute inongo arazorik ipini eta gainera denean lagundu digute.

Goizez, 09:30ean abiatuta egingo duzue proba. Zergatik?
Bi arrazoirengatik; lehenengo bizikletan ibiltzeko gorputzaldia hobea delako goizean bazkalostean baino, eta bestetik Mundumiraren kasuan arratsaldez dezenteko mugimendua egongo delako Elgetan zirkulazio aldetik. Ez genuen ikusten bideragarri arratsaldean egitea.

Norendako zeharkaldia da?
Eskarmentu apur bat duen jendearendako pentsatuta dago. Hasi berria direnak, hobeto ez badatoz ze nahiko gogorra da bai gorantz, bai beherantz. Gainera, badaude kilometro batzuk pistetatik egiten direnak baina gehienak bide zidorretik dira.

Nondik nora joko du ibilaldiak?
Kiroldegitik irten eta lehenengo Asentziora joango gara Udaixarako bidetik. Lubakien ingurutik igoko gara Intxortako lepora eta handik jaitsiko gara Gazeta aldera. San Romanera joango gara eta Erdella aldea eginda Aixolako presara joko dugu. Presatik Bastarrikara igo, Askonabittari buelta eman eta Elgetan bukatuko dugu.

Entrenatzea hastea komeni!
Honezkero entrenatuta ez dagoenak gaizki behar du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak