Emaitzak ezagutu bezain pronto izan ginen Oxel Erostarberekin (Aralar-Independenteak), Koldo Goenagarekin (Bildu) eta Patxi Basaurirekin (EAJ). Jasotako botoak ondo gestionatzeko unea da orain.
Oxel Erostarbe
Elgetan atzera ere nagusi nahiz eta alde gutxirekin izan den. Zorionak.
Eskerrik asko. Gogoan dut duela zortzi urte lehenengo aldiz aurkezten ginenean nola bost botora gelditu ginen. Oraingoan guk irabazi ditugu hauteskundeak Elgetan; herriak hitzegin du eta eman digu behintzat zerrenda bozkatuena izateko ardura. Uste dut herriak esandakoa aurrera ateratzea datorrela hurrengo hilabeteetan.
Agian balio berezia du zuenak ikusita alboko herrietan zer gertatu den.
Horrek erakusten duena da Debagoiena abertzalea eta ezkerrekoa dela. Mankomunitatean aurreko agintaldian horren isla zegoen eta nik uste dut normal ulertu daitekeela hori.
Lana ondo egin izanaren seinalea da hau? Desgasterik ekartzen du alkatetzan egon izanak?
Herriak berba egin du. Lau urteotan txukun ibili gara eta herriaren alde gauza dezente atera ditugu aurrera. Uste dut alkate izan direnak eta zinegotzi lanetan aritu direnek, denek, merezi dutela errekonozimentua. Beste kontu bat da herriari berba egitea tokatzen zaiola lau urtean behin. Herriak normaltasunez egin du berba eta politikariei errespetatzea tokatzen zaigu.
Aralar-Independenteak 4 zinegotzi, Bilduk 3 eta EAJk 2. Hori hurrengo udalbatza.
Egia da Elgeta moduko herri batean eta hiru zerrenda egonda Dhont legeak dezente zailtzen duela zenbaki horietatik irtetea, izan emaitza bat edo bestea. Aldaketa egoteko emaitzak izan beharko ziren nabarmen zerrenda baten aldekoak edo bi zerrendak hirugarren batek baino dezente goitik beharko lukete.
Aurrera begira uste duzu aldaketarik egongo dela Elgetan? Ze mugimendu aurreikusten dituzu?
Gurea moduko herrietan normalena zerrenda bozkatuena errespetatzea izaten da. Gero beste kontu bat da Bilduk eta EAJk nahi badute gauza arraroren bat egin... baina ez dakit Bilduk eta EAJk amankomunean zein puntu izan ditzaketen. Bestalde, ikusten dut gu lau urtean oso gustura aritu garela EAE-ANVkoekin elkarlanean; sekulako ekipoa osatu dugu udaletxean, gauza dezente atera ditugu aurrera eta etorkizunera begira normalena izango litzateke elkarrekin jarraitzea. Ikusi egin beharko da, baina uste dut gauza normalak egin behar direla, herriak horrela eskatzen du.
Koldo Goenaga
Ez da marka makala zuek lortutakoa. Zorionak.
Kontuan izanda guk hirugarren ekipoa atera dugula eta Aralarren burukide guztiak Elgetakoak direla pentsatzen dut emaitzak oso onak direla.
Aurrera begira Aralarrekin batera udal gobernua osatzeko aukera posible ikusten duzu?
Nik pentsatzen dut baietz, baina hori nire iritzi pertsonala da. Taldea bilduko da eta pentsatu eta estudiatu beharko dugu ze aukera dauden.
Ez duzue beraz aukera bat bera ere baztertzen?
Ba, hasieran ez. Hori denon artean hartu beharreko erabakia da.
Bilduk emaitza oso onak lortu ditu orokorrean. Nagusi da Debagoieneko herri guztietan, Elgetan izan ezik
Oso pozik gaude. Orain umilak izan behar gara eta jendeak emandako konfiantza ondo gestionatu behar dugu. Ea behingoz lortzen dugun herri honek gehien nahi duena; hemengo arazoa konpontzea, behingoz.
Patxi Basauri
Ze balorazio egiten du Elgetako EAJk udal hauteskundeotan lortutako emaitzen inguruan?
Asko jaitsi gara, baina nahiko orokorra izan da. Ez da soilik Elgetan gertatu. Nire ustez Bildu tsunamiaren efektua oso nabaria izan da. Orain, jeltzaleok hausnarketa sakon bat egin beharko dugu.
Aurrera begira, zer?
Lehenengo eta behin irabazlea zoriondu eta gero gerokoak. Ikusiko dugu jasotako botoak nola gestionatzen ditugun.