Kultur etxean bi hitzaldi egongo dira datorren astean

Asier Alkorta 2011ko maiatzaren 19a

"Bidaiatzeko beste era bat: turismo arduratsua. Nicaraguara bidai solidarioa" eta "Taliseko (Pakistan) larrialdiari buruzko hitzaldia" egongo dira hilaren 28an eta 29an, hurrenez hurren, kultur etxean. Lehenengo hitzaldia 12:30-13:30 artean egingo da eta bigarrena, hilaren 29koa, 12:30ean hasiko da.

Bi hitzaldiak Mundumirako astebukaeraren barruan daude kokatuta. Nicaraguako bidaiari buruz hitz egiteko Bidaietiko eta Zubiak Eginezeko kideak bertaratuko dira. Taliseko hitzaldian ostera Felix Baltistan fundazioko partaideak izango dira hizlariak.

Taliseko larrialdia

Felix Baltistan Fundazioak (FBF) Talis berreraikitzeko duen planaren lehen emaitzak bistan daude: 12 etxebizitza eraiki dituzte dagoeneko, 9ri lehenengo solairuko sabaiaren itxidura falta zaie, eta 8k harrizko murruen %50-70 eginda daukate. Gogora dezagun, abuztuko uholdeen eraginez, 15 pertsona hil zirela eta, ur, harri eta lokatz oldearen ondorioz, 38 etxebizitza goitik behera txikituta gelditu zirela. Horrekin batera, ehundaka abere, milaka zuhaitz eta soro landuetan ere hektarea asko galdu ziren. Egoera horren aurrean, FBFk, bertakoa den FIFBM
organizazioarekin batera, eta, batez ere, Euskal Herriko pertsona eta instituzio askoren laguntzari esker, berreraikitze lanei aurre egiteko dirua biltzeko erabakia hartu zuen.

Euskal herritarren eta Europako mendizaleen artean, gutxi gorabehera, 80.000 euro bildu dira. Horri Euskal Herriko bi kutxek bildutako dirua gehitu behar zaio: Kutxako bezeroek 44.000 euro eman dituzte, beste 6.000 Kutxak berak jarritakoak; BBK-k, langileek emandakoari esker, beste 50.000 euro bildu ditu. Berreraikitze planaren helburuak hauexek dira: kaltetutako familien elikadura ziurtatzea, hondatutako etxeak birjaso eta hobetzea, Taliseko egitura urbanoa birmoldatzea antzeko katastroferik berriz gerta ez dadin, eta lur sailak prestatzea udaberrian uzta berria ereiten hasteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak