Llorente, Muniain eta Martinez Elgetan izango dira gaur zaleekin

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 18a

Fernando Llorente, Iker Munian eta Javi Martinez Athletic-eko jokalariak Elgetan zango dira gaur. 18:30ean helduko dira eta zaleekin izango dira, bereziki, ume eta gaztetxoenei sinadurak egiten eta haiekin batera argazkiak ateratzen. Pilotalekuan batuko dira zuri-gorri zaleekin.

Intxortako Lehoiak lagunartekoaren ekimenez etorriko dira. Izan ere, martxoaren 23an egin zuen aurkezpena jendaurrean Elgetako lagunarteak. Aurkezpen ekitaldia eta afaria egin zuten zuri-gorri zale elgetarrekin eta beste herri batzuetatik etorritako lagunarteekin batera. Ordurako, Elgetan izango zirela agindu zuten jokalari eta zuzendaritzako kide zuri-gorriek, baina azkenean ez ziren agertu. Huts egin zien Atlhetic-ek elgetarrei.

Dolua Athleticen

Izan ere, Txutxi Aranguren jokalari eta entrenatzaile zuri-gorria izandakoa hil zen aurreko egunetan eta hileta elizkizunetara joan behar izan zuten Athletic-ekoek. Horretaz gain, Athletic-ek adiskidantzako partidua jokatu zuen egun berean Alavesen aurka eta Llorente, Iraola eta Martinez Espainiarekin konbokatuta zeuden.

Arrazoi bategatik ala besteagatik, martxoaren 23ko hartan ez zen jokalari zuri-gorririk izan Elgetan. Athletic-eko historiko bat, Karmelo Zedrun, bai izan zen eta, harekin batera, Athletic-en kanpo harremanetarako arduradun Javier Utxa ere bai. Klubeko bi ordezkari bakarrak izan ziren haiek.

Berba bete

Utxak onartu egin zuen zale elgetarren aurrean egindako hutsegitea eta beste batean jokalari zuri-gorriak Elgetara etortzeko konpromisoa hartu zuen.

Berba bete eta gaur Elgetan izango dira, hortaz, Athletic-eko jokalariak. Ez nolanahikoak, gainera, baizik eta goi-goi mailakoak, taldeko jokalari onenak, alegia: Llorente eta Martinez internazionalak, eta Muniain.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak